Hamaikak 'The Bobby's 10 urte' dokumentala estreinatuko du

Lana igandean ikusi ahalko da lehen aldiz telebistaz. Taldearen bizipenetan oinarrituta dago

The Bobby's musika taldeko kideak, Errenteriako gaztetxearen (Gipuzkoa) aurrean. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gaztetxe bateko gitarra zaharrekin jotako bertsioetatik hasi zena, denbora-pasa gisa hasitakoa,punk-oi mugimenduan hamar urteko arrastoa uztera heldu da. The Bobby's musika taldeak makina bat bizipen izan ditu hamarkada batean, herriz herri eta gaztetxe batetik besterako kontzertuetan. Taldearen bide hori The Bobby's 10 urte dokumentalean ezagutu ahal izango da. Hamaika telebistak estreinatuko du lana datorren igandean, 19:00etan eta 21:00etan. Era berean, igande iluntzetik aurrera musika taldearen Youtubeko kanalean ikusteko aukera egongo da.

Musika taldeko kideak Martin eta Unai Alvarez, Beñat Bengoetxea eta Manex Alberdi dira. 2020ko konfinamenduan, dokumental bat egiteko ideia izan zuten. Horretarako, Dani Sanchez SKST-rekin elkartu ziren. Alberdik gogoratu du taldekideen artean zenbait ideia izan zituztela hamargarren urteurrena ospatzeko. «Bakoitza bere etxean ideiak botatzen hasi zen. Eta berehala gidoi bat lantzen hasi ginen dokumentala osatzeko». Beñat Bengoetxeak taldearen ibilbideko artxibategia zuen gordea bere ordenagailuan. «Dena gordea zuenez, horrek eman zigun pultsua aurrera egiteko. Irudi asko genituen, eta, horrenbestez, ez ginen hutsetik hasi».

Bidean ezagutu dituzten hainbat musika taldetako lagunek hartzen dute parte dokumentalean: Alerta Gorria, Nafarroa 1512, Azken Sutraiak, Lokatza fanzinea, Sofokaos eta Bake Faltsua, besteak beste.

Alberdik, berriz, nabarmendu du zortea izan dutela Dani Sanchezen parte hartzearekin. «Bideoklipak grabatu eta editatu ohi ditu. Gidoi nahiko indartsua bidali genion, eta zer egin nahi genuen ondo finkatu genion».

Musika talde baten hamar urteko ibilbidearekin ez ezik, lagun talde baten gorabeherekin ere egingo dute topo igandean Hamaikaren ikus-entzuleek. «Guretzat pribilegioa eta poztasun handia da joaten garen herri bakoitzean izaten dugun harrera, eta entzuleak zein esker onekoak diren», gaineratu du Alberdik. «Lagun asko etortzen dira kontzertuetara, gainera. Inguruan dagoen lagun taldea oso garrantzitsua da».

Ikus-entzunezko lan horrek oso aurrekontu txikia izan du. «Dokumentala grabatzeak bere kostuak dakartza, baina lana autogestionatua izan da». Ez dute laguntza ekonomikorik izan, eta taldeak berak atera du aurrera. «Agian beste talde txiki batzuentzat adibide lagungarria izan daiteke hau. Gogoarekin eta indarrarekin, dena aurrera ateratzen da. Esfortzu handia eginez, gauza onak egin daitezke».

Taldea azkenaldian ez da kontzertuak ematen ari. Maiatz aldera, berriz, disko berri bat grabatuko dute. Taldearen aurreko lanak hauek dira: Aurrera jarraitu (maketa, 2012); Bakarrik ez gaudelako (2016); eta Ispilura begira (2018). Kantu propioez gain, Des-kontrol, Zakarrak, Hell Beer Boys eta beste oi! talde batzuen bertsioak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.