'Goenkale' baino iraunkorrago

Australiako 'Neighbours' telesaila udan amaituko da, 37 urtean ia 9.000 atal eman ondoren

Neighbours telesailaren 37. denboraldiko protagonistetako batzuk. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
ETBko Goenkale telesailak 22 denboraldi izan zituen, eta 1994ko urritik 2015eko abendura arte eman zuen euskarazko kateak. Marka hori Euskal Herriko fikzio batek gainditzea nekez irudikatzen da egun. Baina mundu zabalean badira gehiago iraun dutenak. Badira aurreko mendetik martxan direnak ere. Australiako Neighbours (Bizilagunak) telesaila 37 denboraldiz mantendu da programazioan, baina atzo iragarri zuten ekainean amaituko dituztela grabaketak. Otsailean, Erresuma Batuko Channel 5 bazkideak finantzaketa erretiratuko zuela iragarri zuen. Frementale ekoiztetxeak eta Australiako 10 Peach kateak ez dute bestelako diru iturri alternatiborik lortu.

Azkeneko urteetan, saioaren ikusle datuek beherantz egin dute Australian. Erresuma Batuan ikusle dezente ditu oraindik: egunean 1,5 milioi. Baina Frementale ekoiztetxe handiak folletoia bertan behera uzteko erabakia hartu du. Saioko arduradunek honako mezu hau helarazi diete zaleei sare sozialen bitartez: «Badakigu gure zaleei amaierak desilusioa eragin diela, baina sentimendu bera eragin du lantaldeko guztiongan ere. Orain, Neighbours ospatzen jarraituko dugu».

Frementale ekoiztetxea beste bazkide bat bilatzen aritu da azkeneko hilabeteetan, baina ez du lortu; hala ere, ekoiztetxeak ez du baztertu etorkizunean folletoia pantaila txikira itzul daitekeenik. Izan ere, ofizialki esan dute saioari «atsedena» emango diotela.

Neighbours ekoizpen garrantzitsua izan da Australiako aktore askorentzat. Bertan aritu dira gerora nazioartean arrakasta lortu duten zenbait izar, besteak beste, Kylie Minoguek, Russel Crowe —Zeelanda Berrikoa da, eta aktorerik onenaren Oscar saria jaso zuen Gladiator filmagatik 2000an—, Guy Pearce eta Margot Robbie. Folletoian parte hartu dute Natalie Imbrugliak, Chris Hemsworthek eta Murray Bartlettek ere.

Folletoiaren zaleek mezu ugari idatzi zituzten atzo sare sozialetan. Askok aipatu zuten «aro baten amaiera» dela Australiako telebistagintzarentzat. Mundu anglosaxoian oihartzun handia izan du albisteak.

Badaude lehenagokoak

Badira, edonola ere, Neighbours baino lehenago sortutako telesailak eta egun martxan daudenak. NBC katearen Days of Our Lives, adibidez, 1965ean estreinatu zuten, eta dagoeneko 14.700 atal baino gehiago eman dituzte. Ted eta Betty Corday senar-emazteek sortutako telesail horrek marka ugari hautsi ditu. Horton familiaren gorabeherekin hasi zen istorioa, eta gero, beste zenbait familiaren istorioak batu dira fikziora. Garai bertsuan sortu zuen ABCk General Hospital; dagoeneko 14.000 atal baino gehiago eman ditu AEBetako kateak.

Bi horiek baino lehenago estreinatu zuten Coronation Street: 1960ko abenduan. Ez da atal gehien dituena —10.500 inguru, orain arte—, baina bai urte gehien telebistan mantendu dena. Erresuma Batuko ITV kate pribatuak astean hirutan ematen du gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.