Primeran-ek Eskandinaviako edukiak emango ditu, azpidatziekin

EITBk akordio bat lortu du Viaplay plataformarekin, urtean 300 ordu Primeran atarian integratzeko

Viaplay plataformaren Last Light telesailaren fotograma bat. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak esan izan du datorren urtean martxan jarriko duten Primeran plataforman ez direla soilik ikusiko talde publiko horren edukiak. Orain arte adierazi izan du Euskal Herriko beste eragile batzuentzat ere zabalik egongo dela plataforma hori. Nazioarteko edukiak ere izango dituela ziurtadaiteke, EITBk eta Eskandinaviako Viaplay plataformak lortu duten akordioaren ostean. Viaplay plataformak fikziozko eduki propioak ditu, eta horietako batzuk Primeran plataforman ikusi ahalko dira: jatorrizko hizkuntzan jarriko dituzte, euskarazko azpidatziekin. Urtean 300 ordu inguru izan daitezkeela argitaratu du Sustatu.eus atariak. EITBko iturriek baieztatu dute Viaplay plataformako edukiak euskarazko azpidatziekin jarriko dituztela Primeran plataforma berrian.

Viaplay zerbitzua 2007an jarri zuten martxan, Suedian —Modern Times Group zen hasierako jabea, eta Nordic Entertainment Group hasierako izena—. Sortu zutenean Finlandian, Norvegian eta Danimarkan ere zabaldu zuten. Herrialde horietako askotariko edukiak eskaintzen ditu: filmak, telesailak, dokumentalak eta kirol emankizunak. Azkeneko hilabeteetan beste herrialde batzuetan ari da hedatzen: 2020an Islandiara iritsi zen; iaz, Estoniara, Letoniara, Lituaniara, Poloniara eta AEBetara; eta aste honetan bertan, Erresuma Batura eta Herbeeretara iritsi da Eskandinaviako ordainpeko zerbitzua. Datorren urtean Kanadara, Alemaniara, Suitzara eta Austriara helduko da. Ez da aurreikusten aurki Euskal Herrira iritsiko denik.

Viaplay 2016. urtean hasi zen fikzio originalak ekoizten: aurrenekoa Swedish Dicks izan zen. Ondotik, makina bat film eta telesail ekoitzi du Eskandinavian. Horien artean daude Love e Suediako telesaila —bi denboraldi ditu, eta hainbat sari irabaziditu—, Pros and Cons Danimarkako telesaila, Faroe uharteetan girotutako Trom eta Norvegiako Porni telesaila —azken hori Hego Euskal Herrian Filminen ikus daiteke—. Beste fikzio esanguratsu batzuk Dystopia, Black Lake, Last Light, Big Lars eta Cryptid dira.

Eskandinaviako herrialdeetan indar handia dute telebista publikoetako fikzioek. ETBk erosi izan ditu herrialde horietako telebista publikoen fikzioak, baina oraingoan plataforma pribatuarekin egin du akordioa.

Iazko iralean eta urrian, ETB1ek Norvegiako kate publikoaren Twin telesaila eman zuen, euskaraz bikoiztua, eta ikusle datu oso txikiak izan zituen.

Primeran uztailerako?

Sustatu.eus atariak emandako informazioaren arabera, bestalde, Primeran plataforma 2023ko uztailean hasiko da probetan, 2.000 orduko eduki multzo batekin. Primeranek Ikusi Makusi izeneko bertsio paralelo bat izango du, haurrentzako eduki filtratuekin. Podcasten eskaintza ere Primeran plataforman integratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.