'Naufragoak' saioaren finala, gaur gauean

22:30ean hasiko da finala, ETB1en eta 'www.eitb.eus' webgunean. Hiru lehiakidek izango dute saria eramateko aukera

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, saioaren aurkezleak. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Iritsi da Naufragoak saioaren final handia. Karibe itsasoan grabatu den saioa da, eta pasa den irailaren 27 estreinatu ondoren,gaur emango dute programaren finala, 22:30ean. ETB1en eta www.eitb.eus webgunean ikusi ahal izango da finala. Gainerako atalak EITB Nahieran aplikazioan zein ETIB Mediaren gainerako plataforma digitaletan ikusi ahal dira. Hemezortzi parte hartzaile izan dira programan guztira: zazpi bikote, eta bikoterik gabe parte hartu duten beste lau lehiakide, guztiak profil ezberdinekoak. Xabier, Mikel eta Jabata dira finalera iritsi diren hiru lehiakideak. EITBk adierazi duenez, finalera iristeko «oso bide desberdinak» egin dituzte lehiakideek. Finalean azken kanpaikada jotzea lortzen duen lehen pertsona izango da Naufragoak-en irabazlea.

Lur Errekondo eta Iñigo Vicens izan dira programaren aurkezleak, eta joan den irailean BERRIAri emandako elkarrizketa batean kontatu zuten parte hartzaile guztien ezaugarriak oso desberdinak zirela: «Agian fisikoki ez dira oso gogorrak, baina pertsonalki bai, eta hori erakutsiko dute», aipatu zuen Vicensek. Ez du lehen aldia izan telebistan: ETB1eko Adinberri programako aurkezlea izan da, eta, beraz, kameren aurrean mugitzen bazekien; ez, ordea, saio bat binaka grabatzea zer zen. Errekondo izan da bikotekidea, eta hark lehen aldia izan du telebistan. Errekondok BERRIAri aipatu zion hasieran zalantza izan zuela telebistan ateratzeko, baina azkenean «oso gustura» egon zela.

Saioak presentzia handia izan du sare sozialetan, eta hala izango da finalera begira ere. Izaro Bereziartuak izan du programaren sareak betetzeko aukera, lehiakideei, lehiakide ohiei eta programako lantaldeko kideei elkarrizketak eginez. Gainera, bi aurkezleek 15 minutuko saio bereziak ere eskaini dituzte, material esklusiboa biltzen zutenak.

Esperientzia zuen taldea

ETB2ko El conquistador del Caribe saioko sortzaileek ekoitzi dute saioa, Hostoil Produkzioak-ek hain zuzen. Abentura programak grabatzen esperientzia zuen lantaldea joan zen Karibe itsasoetako uharteetara programa grabatzera, eta aurkezleek hori nabaritu zuten: «Igarri da urteetako esperientzia zutela: erritmo oso azkarra eraman dute», kontatu zuen Vicensek. Hala ere, sortzaileek izaera propioa eman nahi izan diote euskarazko programa honi.

Gaur amaituko da programaren lehen edizioa, eta EITBk oraindik ez du erabaki bigarren denboraldirik egon den ala ez. Bestalde, jada hasi dira El conquistador del Caribe-ren edizio berriaren informazioa ematen. Oraindik datarik jarri ez duten arren, ETB2n emandako iragarkietan hasiak dira esaten laster hasiko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.