Euskal Herriko gaizkileen inguruko 'podcast' bat egingo du 'Zuzeu'-k

Zortzi ataletan, kantak edo bertso jarriak dituzten krimenak kontatuko dituzte, aktoreen ahotsetan

Beñat Hach Embarekek zuzenduko du Euskal Gaizkileak saila, eta berak idatziko ditu gidoiak. ANARTZ BILBAO / ZUZEU.
Edu Lartzanguren.
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hil eta gero ere, sormen iturria izaten segitzen du Hasier Etxeberriak. Zuzeu agerkari digitalean Euskal Herriko gaizkile klasikoen inguruko testuak idazteari ekin zion idazleak duela urte batzuk. 2017an hil zen Etxeberria, baina Beñat Hach Embarek Zuzeu-ko erredaktoreak lan hura berriz hartu du, eta zabaldu egingo du. Hilketa istorioak podcast moduan landuko ditu, eta datozen astean hasiko dira zabaltzen.

«Podcast-aren munduan oso genero estimatua da krimenena», esan du Embarekek. Podcast-ak soinu grabazioak dira, irrati saioak bezalakoak, baina Interneten zabaldu eta entzutekoak, eta, askotan, norberak tresneria tekniko minimoarekin grabaturikoak. Izan ere, true crime generoak, hau da, benetako krimenen inguruko saioek, bihurtu zituzten podcast-ak fenomeno biral, Embarekek azaldu duenez.

Krimen dramatizatuak

Embarekek zuzenduko du Euskal Gaizkileak saioa, eta berak idatziko ditu gidoiak. Baina Zuzeu-ren egitasmoa produkzio handi samarra da, eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen laguntza edukiko du. «Errealitatetik eta fikziotik edukiko dute podcast horiek. Hartu ditugu lizentziak, istorioa interesgarria egiteko, baina, ahal den neurrian, historiaz dakiguna errespetatu dugu». Narratzaileak sartu dituzte, esaterako, eta pertsonaien arteko elkarrizketak. Bikoizketa aktoreek ahotsa jarriko diete. Denera hogei bat arituko dira, eta atal bakoitzean hamar-hamabi ahots ezberdin entzun ahalko dira, «istorioak eskatzen duenaren arabera».

Urriaren 10ean estreinatuko dute saioa, Berdabioko Atea aferarekin. Ezaguna da, besteak beste, Mikel Laboak Goizuetan kantuan kontatu zuelako. Izan ere, Euskal Gaizkileen Seriea saioak kantuak edo, behintzat, bertso jarriak dituzten krimenak hautatuko ditu.

Baina harago joango dira, eta lehenengo ataletik musikatu egingo dituzte hainbat bertso jarri. Esaterako, Berdabioko Atea-ren kasuan ez dituzte Mikel Laboaren bertsioko hitzak erabiliko, baizik eta Aita Donostiak jaso zuen aldaera. «Hori ahanzturan geratu da, bestearen aldean». Abestia sortzeko eskatu diote Joseba Irazoki musikariari. «Datorren astean emango digu kanta».

True crime podcast-en arrakasta ez da kasualitatea AEBetan. Herrialde ingelesdunetan —eta Europa iparraldean, oro har— tradizio handia dute murder ballads deiturikoek, hau da, krimenak eta gaizkileen istorioak kontatzen dituzten abestiek.

Patri Urkizuk eta Patziku Perurenak hilketei buruz eginiko ikerketa lanak erabiliko dituzte testuak ontzeko. Denera zortzi atal izango ditu Euskal Gaizkileak saioak. Arrakastaren arabera egingo dituzte sasoi gehiago. «Itxura guztien arabera, bai, sasoi bat baino gehiago izango du, gu behintzat oso pozik geratzen ari baikara emaitzarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.