'Egunak egin du debatea' egingo dute gaurtik aurrera ETB1en

Gaur-gaurko gaien inguruko eztabaidak egingo dituzte, ostegunero, 'prime time' ordutegian

Klaudio Landak gaur-gaurko gaien inguruko eztabaida bat aurkeztuko du ostegunero. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Urriko hirugarren astean, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako sententzia jakin zenean, ETB1ek Egunak egin du saioaren edizio berezi bat egin zuen hainbat ordezkari politikorekin. Formula hori berriro baliatuko dute gaur eta datozen asteetan, Klaudio Landa gidari dela. Itziar Gomezek —Go!azen-eko zuzendaria ere bada gaur egun— zuzenduko du Egunak egin du debatea saioa, eta iragarri du gaurkotasuna duen gai bati helduko diotela astero. Zuzenean egingo dute programa, Donostiako Miramongo estudioetan, 22:25ean.

Gomezek azaldu duenez, platoa Egunak egin du-rena izango da, baina, sofen ordez, aulkiak egongo dira. «Serio tankera emango diogu. Hala ere, programaren amaiera arintzen saiatuko gara; ez dugu astunak izan nahi».

Oraingoz, Pausoka ekoiztetxeak lau atal ditu hitzartuak ETBrekin. «Pentstatzen dut funtzionatuko balu jarraipena izango lukeela. ETBk gabezia ikusi du, euskarazko katean ez dagoelako eztabaidarako halako tarterik».

Bozen osteko akordioak

Gaur gauean, Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeen osteko egoeraz eztabaidatuko dute, Gobernura bidean izenburuko saioan. Hauek izango dira gonbidatuak: Maite Ubiria, Xabier Barandiaran, Garbiñe Biurrun, Galder del Campo eta Andoni Unzalu. Astero, bost solaskide izango dira eztabaidan. Gonbidatuak aldatuko dituzte beti, baina horrek ez du esan nahi gaurko solaskideetakoren bat berriro agertu ezin denik.

Gomezek iragarri duenez, bideo erreportaje laburrak ere ikusi ahal izango dira saioan. Gaur, adibidez, lau diputaturekin hitz egingo dute: Aitor Esteban (EAJ), Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Maria Guijarro (PSOE) eta Roberto Uriarte (Podemos). «Emaitzen inguruan eta PSOE-Unidas Podemosen arteko aurreakordioari buruz galdetuko diegu. Madrilera ohituta daudenei eskatuko diegu gomendioak emateko iritsi berriak direnei». Vox alderdiaren garapena aztertzeko, berriz, Igor Ahedo EHUko politika zientzietako doktorea elkarrizketatuko dute. «Asmoa da, halaber, ostegunero zuzeneko konexio bat egitea», azaldu du Gomezek. «Kasu askotan, bideoek emango dute hizketagaia». Programaren amaieran, atal arin bat emango dute, eta horrek lotura egingo du ohiko Egunak egin du-rekin. Debateari dagokion saioak ordubete inguru iraungo du, eta, gero, ostegunetako Egunak egin du 45 minutukoa izango da.

Late night-ean euskaraz egiten den lehen programa da, eta irailaren 2an hasi zen ETB1en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.