'Go!azen Gabonetan' eta 'Herri txiki, zirku handi', gaur ETB1en

Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Gure Zirkuaren karpan aurkeztuko dute saio berezia

Gure Zirkuaren karpan egingo dute ETB1eko gaur gaueko saio berezia. ETB.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
ETB1ek bi emankizun berezi prestatu ditu Gabon gauerako: batean Go!azen telesaileko aktoreak arituko dira kantuan, eta bestean, Gure Zirkuaren karpara eramango dituzte hainbat pertsonaia abestera.

Go!azen Gabonetan programa 20:45ean hasiko da. Basakabin hamabi abesti kantatuko dituzte, Iker Lauroba musikariak moldatuak horiek guztiak. Ostiralero ematen duten telesaileko aktoreak azalduko dira abesten: Danae Riaño, Maria Redondo, Aitziber Errazkin, Lorea Intxausti, Nerea Elizalde, Malen Azpirotz, Ander Lacalle, Joanes Etxebeste, Julen Castillo eta Iñaki Mujika. Eguberrietako kantez gain, Izaroren Hainbeste, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori eta Ken Zazpiren Ilargia entzun ahalko dira. Olentzero eta Mari Domingi bisitan joango dira Basakabira. Halaber, beste denboraldi batzuetan parte hartu duten hainbat aktorek mezuak bidaliko dituzte bideo bidez.

Jarraian, 22:15ean, Fair Saturday egitasmoaren hasiera gala emango du ETB1ek: Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko du kontzertua, Bizkaiko 30 abesbatzaren eta lau dantza talderen laguntzarekin. Bizkaiko ikastetxe batzuetako gaztetxoek parte hartuko dute. Baita En Tol Sarmiento eta Mabu taldeek eta Idoia Asurmendi abeslariak ere. Fernando Velazquezen zuzendaritzapean egingo dute emanaldia.

23:15ean, berriz, Herri txiki, zirku handi saioa hasiko da euskarazko katean. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Gure Zirkuaren karpatik aurkeztuko dute programa berezia. Last Christmas kantaren bertsio bat egingo dute Gure Zirkuaren artistek. Ondoren, saioan parte hartuko dute, besteak beste, Xabi eta Kristina Solanok; euskal futbol taldeetako emakumezko jokalariek; Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek; Iñaki Artola eta Unai Laso pilotariek; Garbiñe Biurrunek, Eli Garmendiak, Arantzazu Loidik eta Itziar Aizpuruk osatutako laukote bereziak; eta EITBko aurkezleek. Amaitzeko, partaide guztiek Hator, hator abestia kantatuko dute. Ezusterako tartea ere egongo da: Gozategi taldearekin batera pieza bat joko du Zuhaitz Gurrutxagak.

Hamaikan, 'Kolpez kolpe'

Beste kate batzuetan ere izango dira Eguberrietako emankizun bereziak. ETB3n Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera emango dute, 13:30ean eta 19:20an.

Hamaika telebistak, berriz, Kolpez kolpe berezia emango du gaur, 23:00etan —bihar berriro ikusi ahalko da, 16:00etan—. Naroa Iturrik aurkeztuko du, eta platoan Tessa Andonegi, Miren Legorburu eta Ekhiñe Atorrasagasti egongo dira. Andonegiren eta Legorbururen zenbait esketx emango dituzte, eta urteko irudi bilduma berezia egingo dute. Karaokea ere egongo da. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako langileek Gu hamaika gara abestia kantatuko dute, Gasteizko egoitza berriki martxan jarri dutela aitzakiatzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.