'Zaldi urdina' antzezlana audio fikzio bihurtu du EITBk

Hilaren 17an estreinatuko dute podcasta. Bederatzi atal ditu, bakoitza hamabi minutukoa

Zaldi urdina podcasta bereziki aproposa da entzungailuekin aditzeko; entzungailu on batzuk zozketatuko dituzte. EITB.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Artedrama, Axut eta Dejabu konpainien antzezlan arrakastatsu bat izan da Zaldi urdina. Orain, berriz, fikziozko podcast bilakatu dute. Aingeru izeneko 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak. Antzezlaneko trama bera du audio fikzioak ere. Hilaren 17an estreinatuko du EITBk euskarazko fikzioa, bere podcast plataforman.

Zaldi urdina antzezlana Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute. Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo eta Olatz Beobide aritu dira aktore lanetan, besteak beste.

Artista lantalde bikaina dakar audio fikzioak ere. Podcasteko ahotsen artean daude Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Maite Larburu, Oier Zuñiga eta Argi Perurena aktoreenak.

Binauralean muntatutako seriea da Zaldi urdina. EITBko ordezkariek Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dutenez, esperientzia murgiltzailea sortzen du, eta bereziki aproposa da entzungailuekin entzuteko. Hain zuzen, estreinaldiarekin batera, entzungailu batzuk zozketatuko dituzte Interneteko sare sozialetan lehen atalari buruzko galdera bat asmatzen duten parte hartzaile guztien artean.

Hilaren 17ko estreinaldiaren ostean, astelehenero atal bat zabalduko dute EITB Podkast atarian. Bederatzi atal dira guztira, eta hamabi minutu irauten du bakoitzak.

Istorioari dagokionez, gazte bat hil egin da tekno jaialdi batean, zaldi urdina izeneko droga berria hartuta. Bitartean, Aingeru, 17 urteko gaztea, desagertu egin da. Droga berria salerosten dabilena delakoan, atzetik ditu denak: familia eta Polizia. Amets Aingeruren 22 urteko arreba errebeldeak, Karmen amonak eta Simon udaltzainak astebeteren barruan aurkitu behar dute Aingeru, hark 18 urte bete baino lehen, eta epaitegira eraman, abokatu on batekin. Atzera kontaketa hasi da. Ikerketa amateurraren bidean, gazteen ondoezak eta ametsak, trafikatzaileen eta interes ekonomikoen boterea, eta polizia indarren eta politikaren konplizitatea gurutzatuko dira.

'Artxipelagoa'-ren bidetik

Artxipelagoa fikziozko podcastaren arrakastari eutsi nahi dio Zaldi urdina lan berriak. Izan ere, gehien entzundako euskarazko podcasta izan da Artxipelagoa fikziozko seriea —entzungai daude zortzi atalak—. Ulu Mediaren fikzio distopikoa izan da EITB Podkast atarian klik gehien izan dituen edukia: 5.300 entzunaldi baino gehiago. Beste plataformetan ere emaitza onak izan ditu: 14.500 klik Ivoox, Google Podcast, Apple Podcast eta Spotifykoak batuz. Spotifyko emaitzak dira nabarmentzekoak: 807 harpidetza lortu ditu lehen denboraldian. Urriaren 11n, «Espainiako edukien artean Top 69an» sartzea lortu zuen. EITBk ez du argitu podcastak denboraldi gehiago izango ote dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.