Sky Showtime plataforma otsailaren 14an iritsiko da Hego Euskal Herrira

NBC Universal, Sky eta Viacom CBSko edukiak izango ditu, baita Paramount Plusekoak ere

Duela urtebete Erriberrin grabatu zuten Vampire academy telesaila. Sky Showtime plataforman ikusi ahalko da. BERRIA.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Merkatuan lehian dira Netflix, Amazon Prime Video, HBO Max, Disney Plus eta Apple TV Plus, eta, haiekin lehiatzeko asmoz, Europara jauzia egiten ari da Sky Showtime streaming plataforma. Hego Euskal Herrian eta Europako beste 11 herrialdetan otsailaren 14an jarriko dute martxan. Hauek dira beste herrialdeak: Katalunia, Andorra, Galizia, Espainia, Eslovakia, Hungaria, Kosovo, Ipar Mazedonia, Polonia, Txekiar Errepublika eta Errumania. Lehendik, beste herrialde batzuetara iritsi zen iaz. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oraingoz ezingo da plataforma hori ikusi. Harpidetzaren prezioa hilean 4,99 eurokoa izango da.

Sky Showtime bai, baina Paramount Plus ez da helduko Hego Euskal Herrira. Izan ere, Paramounten plataformako eduki originalak Sky Showtime zerbitzuaren barne joango dira. Era berean, NBC Universal, Sky eta Viacom CBS enpresen telesailak, filmak eta saioak agertuko dira plataforma berriaren katalogoan. Baita Showtime eta Nickelodeon kateetakoak ere, eta Peacock plataformarenak —azken plataforma hori soilik AEBetan dago martxan—. Orotara, 10.000 ordu baino gehiagoko eskaintza egingo du Sky Showtimek Europako herrialde ugaritan.

Sky Showtime Eskandinaviako herrialdeetara iritsi zen iazko irailean: Finlandiara, Danimarkara, Norvegiara eta Suediara. Urriaren 25etik, berriz, Portugalen eta Herbehereetan ikus daiteke. Esan daiteke AEBetako Peacock plataformaren bertsio europarra dela Sky Showtime.

HBO Maxen telesailak

Europako herrialde gehiagotan zabalduko dela iragartzeaz gain, asteon jakinarazi dute Sky Showtimek HBO Maxen 21 ekoizpen bereganatuko dituela —HBO Maxek eta Discoveryk bat egitearen eraginez, Europako fikzioan hainbat murrizketa egin zituzten—. Adibidez, Espainiako Por H o por B telesailaren lehen denboraldia HBO Maxek estreinatu zuen, baina bigarrena Sky Showtimek emango du. HBO Maxetik Sky Showtimera pasatuko diren beste telesailak hauek dira: Beartown (Suedia), ID (Finlandia eta Suedia), The Winner (Txekiar Errepublika eta Eslovakia), Warszawianka (Polonia), Czech it Out! (Txekiar Errepublika), Hackerville (Errumania), One True Singer (Errumania), Pray, Obey, Kill (Suedia), Ruxx (Errumania), Success (Kroazia), The Sleepers (Txekiar Errepublika), Tuff Money (Errumania) eta Welcome to Utmark (Norvegia).

Dena den, AEBetako zenbait telesail izango dira plataformaren amu erakargarrienak: Yellowstone, 1923, Ambulance, American Gigolo, Halo, Blocco 181, Star Trek-en hainbat telesail eta abar. Sky Showtimen ikusi ahalko da, halaber, Vampire academy telesaila: Euskal Herrian grabatu zuten, 2021eko irailetik 2022ko martxora. NBC Universalen fikzio horren parterik handiena Erriberrin (Nafarroa) filmatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.