ETB1ek 'Gure doinuak' programa estreinatuko du hilaren 21ean

Onintza Enbeita eskualde batera joango da astero, kanta ezagunekin lotura duten istorioen bila

Onintza Enbeita eskualde batetik bestera kanta ezagunen bila ibiliko da Gure doinuak saio berrian. ETB.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
New Digital Media ekoizpen etxea programa berri bat ari da prestatzen ETB1erako. Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak aurkeztuko du, eta astero Euskal Herriko eskualde batera joango da doinu zaharren eta ezagunen atzetik. Gure doinuak saio berria hilaren 21ean estreinatuko dute, eta asteazkenero prime time-an emango dute. Oraingoz sei atal egingo dituztela iragarri du Jon Larrañaga programako zuzendariak. Atal bakoitzak ordu bateko iraupena izango du.

Enbeita auto batean batera eta bestera ibiliko da, Euskal Herriko txokoak bisitatuz. «Aurkezleak txoko horiek ezagutuko ditu, eta horietan belaunaldiz belaunaldi gorde diren abestiak deskubrituz joango da. Garai bateko katak ez ezik, kanta berriagoak baina denon memorian daudenak ere bilatuko ditu», iragarri du Larrañagak. «Musikari ezezagunekin bilduko da Enbeita, eta askotariko istorioekin gozatuko dute ikus-entzuleek». Eskualde bakoitzean, edonola ere, pertsona ospetsu batekin egingo du bidaia Enbeitak autoan. «Eskualdearekin lotura duen pertsona bat izango da. Tokiko doinuez hitz egingo dute autoan, eta pertsona horren musika ibilbideaz ere ariko dira. Ez du derrigorrean musikaria izan beharko».

Aurreneko atalean, Gipuzkoako Urola Kosta eskualdean barrena ibiliko da Enbeita. Oria ibaiaren inguruan, Benito Lertxundi musikariarekin bidaiatuko du saioko aurkezleak. «Lertxundiren abestiek presentzia handia izango dute aurreneko atal horretan».

Bigarren atalean, berriz, Durangaldera (Bizkaia) joko dute. «Bertan, Eneko Sagardoi aktorearen laguntza izango dugu. Musika ikasketak ditu, eta harekin batera eskualdeko kopla zaharrak eta Anbotoko Marirekin lotutako kantuak ezagutuko ditugu».

Beste ataletako bat Gari musikariarekin egingo dute, Bilbo Handian —han bizi da Gari egun—.

Larrañagak nabarmendu duenez, pertsona ezagunekin ibilbide bat egiteaz gain, eskualde bakoitzeko zazpi istorio ere ezagutaraziko dituzte. Ikusleentzat saio «hunkigarria» izango dela iruditzen zaio.

Saioak, gainera, musika banda propioa izango du. «Talde horrek Gure doinuak-en abesti batzuk kantatuko ditu». Sodupeko (Bizkaia) Maria Ereñak eta Gaizka Duok osatuko dute talde hori.

Larrañagaren iritziz, saioaren berezitasunik handiena da Enbeitaren autoa plato gisa erabiliko dutela. «Elkarrizketa zentrala hor egingo dugu, eta, gero, flaschback-ak egongo dira. Protagonistei ezustekoak ere emango dizkiegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu