Poliziak narkotrafikoan izan zuen inplikazioa aztertuko dute ETB2n

'360º' programaren barnean, 'Narcos y guerra sucia' lana emango dute bihar, 22:15ean hasita

Enrique Rodriguez Galindo koronela, Narcos y guerra sucia erreportajeko irudi batean. ETB.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
1980ko hamarkadan Espainiako poliziek eta segurtasun indarrek narkotrafikoan izan zuten inplikazioa aztertu du New Digital Media ekoizpen etxeak erreportaje batean. Bego Atinek eta Maite Ibañezek zuzendu dute lana, eta bihar ETB2ko 360º saioaren barne ikusi ahalko da, 22:15ean. Garai hartan heroina Hego Euskal Herrian nola sartu zen eta nolako ondorioak eragin zituen azaleratuko dute. «Garai beltz hura nolakoa izan zen ezagutzeko baliagarria izango da erreportajea», iragarri du Atinek.

1980ko hamarkadan, krisialdi ekonomiko larrian murgilduta zegoen euskal gizartea. Langabezi tasak oso altuak ziren, eta gazteen artean «altxamendu garrantzitsuak» piztu ziren. ETBk azaldu duenez, «testuinguru horretan indarra hartzen ari ziren mugimendu sozialen kontra egiteko, Estatuko polizia eta segurasun indarrek drogaren negozioa sustatu zutela defendatzen dute askok. Izan ere, Poliziak onura ekonomikoa atera zuen drogaren negozioaren hedapenarekin».

Galiziako eta Turkiako trafikatzaileek Guardia Zibila euren operazioetan inplikatuta zeudela aitortu izan dute. Saioan Intxaurrondoko kuartela aipatuko dute, Enrique Rodriguez Galindo koronela jakinaren gainean zegoela iradokiz.

Atinek nabarmendu du artxiboko irudi «esanguratsuak» ikusiko direla erreportajean: «Kale Gorria aldizkariko bideo bat eta agiriak berreskuratu ditugu. Dokumentazioa biltzen joan gara, handik eta hemendik».

Pepe Reik zuzendutako Ardi Beltza-ren oinordekoa izan zen Kale Gorria. Bertako kazetaria izan zen Ahoztar Zelaieta, eta bihar hizketan agertuko da ETBko erreportajean. Zelaietak aipatu du «iskanbila» izan duela ekoizpen etxearekin: «Ez dut ulertzen nola gaia galdera bezala planteatu duten. Auzo elkarteek, Askagintzak, epaileek eta polizien txostenek bermatzen dute hura gertatu zela». Hau da, poliziek eta segurtasun indarrek inplikazioa izan zutela narkotrafikoaren negozioan. «Datuak ditut baieztatzen dutenak egun sare haien hondakinek funtzionatzen dutela».

Erreportajeko elkarrizketatuen artean dira Rafael Lopez Ocaña Santiago Brouarden hiltzailea eta Jose Amedo polizia ohia —ETB2ko Caso Brouard: bajando a las cloacas del Estado lanean ere agertu ziren, azaroaren 25ean—. BERRIAk jakin duenez, Amedok dirua eskatu dio ekoizpen etxeari saioan azaltzeagatik, baina ez diote ordaindu; duela urte batzuk Euskal Herriko beste ekoizpen etxe bati ere eskatu zion dirua dokumental batean, baina enpresa hark ere ez zion eman.

Atinek iragarri du, bestalde, lekukotza baliotsuak entzungo direla erreportajean. Elkarrizketatuen artean daude Juan Carlos Uso ¿Nos matan con heroina? (Heroinarekin hiltzen gaituzte?) liburuaren egilea, Miguel Castells abokatua, Luis Aizpeolea kazetaria, Javier Aizpiri Eusko Jaurlaritzako Droga Mendekotasunen zuzendari ohia, Xabier Arana Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria, Claus Groten Vomito taldeko kantaria, Diego Garai Cicatrizeko baxu jotzailea eta Justo Arriola A los pies del caballo (Zaldiaren oinetara) liburuko egilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.