Euskadi Irratiak arratsaldeak berrituko ditu urtarrilaren 7an

'Hiri Gorrian' saioaren agur festa egin dute Bilbon. Olaia Urtiagak gidatuko du magazin berria

Hiri Gorrian irratsaioko agur festa egin zuten atzo arratsaldean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Euskadi Irratiak arratsaldeak berrituko ditu hiru aste barru: Hiri Gorrian programak eta Mezularia-ren magazinaren parteak irratsaio berri bati emango diote lekukoa urtarrilaren 7an. Saio berria astelehenetik ostiralera emango du irrati publikoak, 16:00etatik 19:00etara, eta gidari nagusia Olaia Urtiaga kazetaria izango da. ETBn aritua da Urtiaga, besteak beste, ETB Hoy eta Egun on, Euskadi saioak aurkezten. Euskadi Irratian, berriz, goizeko Faktoria-n aritu da azkeneko hilabeteetan.

Urtiagarekin batera, magazin berriko —ez dute izena erabaki— lantaldean arituko dira Maider Segurola, Tere Beloki, Juanjo Sanmigel, Xiker Esnal eta Unai Iradi kazetariak.

EITBk iragarri du irratsaio berriak aurrekoen ekarpenak aintzat hartuko dituela, bide berriak urratzeko. Euskadi Irratiko programazio arduradun Garbiñe Uriak nabarmendu du arratsaldea berritzea dela asmoa. «Hiru orduko magazin berri bat egingo dugu».

'Hiri Gorrian', festa giroan

Euskadi Irratiko arratsaldeen berrikuntza aipatu zuten atzo Hiri Gorrian saioan, Bilboko egoitzan egin zuten emankizun berezian. Agur festa moduko bat egin zuten, programako kolaboratzaileekin. Afrika Bibang musikaria elkarrizketatu zuten, eta hainbat abesti kantatu zituen. Eta zuzeneko saioa amaituta, festa bat egin zuten gonbidatu guztiekin. Musika jartzeaz arduratu ziren Josu Urkidi, Witxita DJ eta Etxekalte taldea.

Urtiaga gonbidatuen artean zegoen eta Hiri Gorrian-eko Lander Eizagirrek eta Amaia Artetxek galdetu zioten ea lekukoa prest ote zegoen. «Bai, urtarrilean prest egongo gara. Zerrenda batean jarri dugu saioan zer egin nahi dugun. Edonola ere, Hiri gorrian desegiten denean, bertako atomoak ere baliatuko ditugu. Ez gara tuntunak izango hori ez aprobetxatzeko», esan zuen Urtiagak.

Urtarrilaren 3an izango du azkeneko emankizuna Hiri Gorrian-ek. Uriak balantze «oso ona» egin du programaren bideaz. «Irratsaio oso ona izan da. Lan ildo berri asko zabaldu dira. Ekarpen hori aintzat hartuta eraikiko da arratsaldetako proiektu berria».

Mezularia-ri dagokionez, albistegiaren parteak jarraituko du eta magazinaren partea saio berrian barneratuko da. «Bai Hiri Gorrian-en bai Mezularia-ren magazin partearen ekarriekin, bide berriak urratzea izango da helburua. Edonola ere, estiloa bideak erakutsiko digu», gaineratu du programazio arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.