'Topatu'-ren ostean, 'Klak'

Gazte mugimenduak finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiarazi du hedabide berriarentzat

Gazteen ahotsaren bozgorailua izango da Klak komunikazio proiektu berria. KLAK.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
«Denetik dugu esateko eta denari buruz». Esaldi hori irakur daiteke Klak.eus webgunean, eta bistan da gazteen ahotsa ez dela isilpean geldituko. Mundua kontatzeko proiektu berria abiarazi dute: Klak. «Euskal Herriko gazteriaren ahotsaren ispilu eta bozgorailu izanen den proiektu bat sortzea da gure helburua. Gazteon ikuspegia lau haizetara zabaltzeko tresna izango da Klak hedabidea, baita gazteontzat eta gure nahien arabera eraikiko den proiektu bat, hau da, gure intereseko gaiak jorratuko dituena», azaldu du Klak-eko koordinatzaile Aintzane Ariztegik. Hartara, Topatu-k utzitako hutsunea beteko du Klak-ek —hamar urteko bidea egin zuen Topatu-k, eta otsailean eman zioten amaiera—.

«Eskola eta laborategia ere izango da, komunikatzeko tresna eta modu berriak arakatu, probatu eta asmatzekoa; gazteon ahalduntzea ahalbidetuko duen komunikazio proiektu bat», esan du Ariztegik. «Interneteko sareetan ez ezik, kalean ere jardungo du Klak-ek, gazteekin eta gazte mugimenduarekin auzolanean».

Baina proiektuak aurrera egin dezan, baliabideak beharko dituzte, eta horregatik abiarazi dute finantzaketa kolektiboko kanpaina bat —Klak.eus-en eta Itsulapikoa.eus-en egin daitezke diru ekarpenak—. Modu askotan har daiteke parte finantzaketa horretan: norbanako nahiz talde gisara, eta baita norberaren ahalmen eta nahiaren araberako ekarpenak eginez ere. Proiektua «hauspotzeko» eta «gorpuzteko» animatu dituzte herritarrak.



«Gazteen moldeetara»

Aste honetan ezagutarazi dute Klak komunikazio proiektua. Sustatzaileek nabarmendu dute «estilo berriei» nahiz «betiko beharrei» erantzuteko sortu dutela. «Gaur egungo gazteon izaera eta moldeetara egokitu nahi du proiektuak. Komunikabide huts bat izatetik harago, gazteok elkarrekin elkarbanatu eta hausnartzeko espazio bat izateko helburua du Klak-ek», adierazi dute Ariztegik, Karolina Suarezek eta Kerman Diezek. Aurkezpen bideo bat ere sareratu dute, proiektuaren xedeak azalduz.

Egitasmoa martxan jarri duten lagunek, halaber, nabarmendu dute gazteen izaera bere gain hartu eta txertatu beharko duela Klak-ek. Honako ezaugarri hauek nahiko lituzteke komunikazio proiektuarentzat: gaztea, mugimenduan dagoena, feminista, euskaraz eta euskaratik egina, Euskal Herrikoa —zazpi lurraldeetakoa—, eraldatzailea, askatzailea eta parte hartzailea. Honako hau ere nahiko lukete Klak-entzat: «Inor atzean utziko ez duena eta bazterretako ahotsak erdigunera ekarriko dituena izatea nahi dugu». Iragarri dute, era berean, unean uneko tresnak bere gain hartzeko ahalmena izango duela.

Sustatzaileek diote gazte belaunaldi bakoitzak behar, nahi, anbizio eta estilo desberdinak garatzen dituela, «askatasunaren aldeko borrokari kolore eta forma propioak gehitzen dizkio». Molde berri horiekin bat egingo du komunikazio proiektu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.