KRITIKA. dFeria

Man Ray: hamaika flash

Man Ray argazkilariaren unibertsoa eraman du dantzara Taiat Dansa konpainiak. TAIAT DANSA.
Agus Perez.
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun

'Man Ray'

Koreografia: Meritxell Barbera, Inma Garcia. Arte-aholkularitza: Roberto Fratini. Musika: David Barbera. Argiak: Ramon Jimenez. Eszenografia: Luis Crespo. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Data: Martxoak 7..

Man Ray estatubatuarraren figura (Philadelphia, 1880 - Paris, 1976) dantzaren bidez berrinterpretatu du Taiat dansa konpainiak dFerian aurkeztu duen izen bereko ikuskizunean. Rayren oihartzuna orain urte batzuk heldu zen Euskal Herrira, hark errodatutako film surrealista bateko eszena batean Lapurdiko kostaldea agertzen zelako. Zantzu soil hartatik abiatuta, Emak Bakia baita film poetiko bikaina filmatu zuen 2012an Oskar Alegriak, eta hura izan dugu hizpide gaurko emanaldiaren ostean elkartu garen lagunok. Horrek asko esaten du film haren bikaintasunaz eta gaurko emanaldiaz, baina ez gaitezen engaina: Valentziako (Herrialde Katalanak) konpainiaren proposamenak ere alde interesgarri batzuk eduki ditu, jarraian ikusiko dugun bezala.

Surrealista, dadaista, probokatzailea, erotikoa, onirikoa... Hainbat adjektibo etortzen zaizkigu burura artista plastiko, erretratugile, argazkilari eta zinemagile izandako izaki horri buruz mintzatzen garenean, eta beharbada horregatik apaindu dute eszenatokia emakume-irudi erotikoekin egindako zuri-beltzeko argazki handiek. Zuria eta beltza ere izan dira dantzarien eta emanaldi osoaren kolore bakarrak, Rayren garaiko argazkilaritza eta zinemaren ezaugarrien omenez.

Artea eta erotismoa ezin hobeto uztarturik, Rayren Ingres-en biolina-ren irudiak zabaldu du emanaldia, eta gero metronomo baten hotsak gidatu ditu ikuskizuneko pasarte asko, artistaren obrarik ezagunaren omenez Indestructible Object, jatorrian Object to Be Destroyed deitu zena, baina dantza-emanaldi batean geundenez, zortzi gizon eta emakume baten esku geratu da artistaren legatua era koreografikoan ematearen ardura. Alde horretatik, eszena, koadro edo esketx labur askorekin osatu da proposamena, eta haietariko askotan ez dira umorea eta ironia falta, hala nola AEBetako ereserkiarekin hasi eta gerra burrunban amaitu den atalean. Beste batzuetan ikuste-efektu xaloak, dantzarien banaketa geometrikoak eta garai bateko zinema-proiekzioak erabili dira, betiere artista haren sormena dantzaren eremura ekarri nahian. Erotismoaren eta artearen arteko elkartze horretan eredugarria iruditu zait gizonezkoak erloju baten posizioetan jarri eta zentroan zegoen emakumearen inguruan egin duten dantza, whisky edalontziek ordu bakoitzeko puntuak markatu eta dantzariak denboraren kontrako norabidean zihoazela. Beste une batean Rayren Cadeau (Opari) izeneko iltzedun lisaburdinaren erreplika erraldoia agertu da, eta horrek adierazten du haren figuraren gainean egindako dokumentazio lana ez dela nolanahikoa izan.

Dantzaren diseinua, ordea, zeharo zatikatua izan da eta musika-pasarteen hautaketa bide beretik ibili da. Gauzak horrela, dantzarien ariketa fisikoa eta keinu-zehaztasun bikaina hurbilago egon dira mimika hutsetik, benetako dantzatik baino, eta lan honen balio nagusia Man Ray hobeto preziatzea izango da. Ez da gutxi gero. Azkenik, eta ironiaz esanda, oftalmologoen elkartea eskertua egongo zaio argien diseinuaren arduradunari, gaualdi bakar batean ehun bat flash-kolpe jasan dutelako gure begi sufrituek. Zorionak, txapeldun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.