Ikasleek erronkak egingo dituzte ETB3ko programa berri batean

Astelehenean estreinatuko dute 'Erronkan'. 6-10 urte arteko neska-mutikoei zuzendua dago

Ekain Ibargurenek eta Iholdi Beristainek aurkeztuko dute Erronkan saio berria, astelehenetik aurrera. EITB.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikastetxeetako ikasle ugarik erronka dibertigarrietan parte hartuko dute astelehenetik aurrera ETB3ko saio batean: Erronkan. Astelehenetan eta astearteetan emango dute, 15:30ean, bost astez. 6-10 urte arteko haurrei zuzendua egongo da programa. Aurkezleak Iholdi Beristain eta Ekain Ibarguren izango dira.

Euskara modu erakargarrian edo dibertigarrian jasoz, atal bakoitzean bi ikastetxetako ikasleei proposatuko dizkiete erronkak: fisikoak, sukaldaritzari buruzkoak, magiarekin zerikusia dutenak, eskulanak, zientzia esperimentuak eta hizkuntzarekin lotutakoak —bertsoak, olerkiak, rap kantak eta abar—.

Pausokak eta ETBk elkarlanean ekoitziko dute saioa. Itziar Gomez programako zuzendariak azaldu duenez, konfinamendu garaian haur askok ezin izan dute euskaraz hitz egin. «Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailak ETBra jo zuen, euskara erabiltzeko haurrentzako saiobat eskatuz». Hilabeteotan irakasle askok sarritan erabili dute erronka hitza ikasleekin. «Gai hori hartu eta nolabaiteko uztartze bat egin dugu saioan, haurrak ere motibatzeko. Gainera, bideoak egiten oso abilak dira neska-mutikoak». Orotara, 22 ikastetxek hartuko dute parte.

Programako dinamikari dagokionez, Gomezek iragarri du lehenbizi bi aurkezleek erronka bat botako dietela ikasleei. Ikastetxeetako ikasleek bideoak bidali beharko dituzte, erronkak betez. «Gero, eskola bakoitzak aurkezleei erronka bana botako die. Nahi dugu ikastetxeetako haurrek azaltzea guri nola egin behar den erronka hori». Eta, bukatzeko, bi aurkezleen arteko erronkak egongo dira.

Gomezek nabarmendu du ikasleak direla saioko protagonista nagusiak. «Ikastetxeak asko inplikatu dira, eta bideo ugari jaso ditugu. Teknologia berriekin eta kamera aurrean oso trebea da belaunaldi berria». Atal bakoitzeko parte hartzaile guztien artean tablet bat zozketatuko dute.

Saioko zuzendariak ohartarazi du Erronkan ez dela lehia sustatuko duen programa bat. «Ez dugu lehia piztu nahi, baizik eta parte hartzea eta partaidetza».

Aurkezleak gidari lanetan arituko dira. Igeldoko herri eskolan (Donostia) ari dira grabaketak egiten.

ETBko ikus-entzule gaztetxoentzat ezagunak dira bi aurkezleak: Beristainek Bago!az musika lehiaketa irabazi zuen eta Go!azen telesailean Naia Badiolaren rola jokatu zuen. Ibarguren ETB3ko 3zpa4! saioan aritu izan da eta Gure Zirkuan malabarista da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.