ETB2k 'Awlad-hesiak gainditu' dokumentala emango du bihar

Ane Irazabal eta Cossimo Caridi kazetariek lau haur errefuxiaturen inguruko lan bat egin dute

Hadi siriar-venezuelarra Gipuzkoan bizi da eta Awlad-hesiak gaindituz dokumentaleko protagonistetako bat da. A. I.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gatazkan dauden herrialdeetako lau haurren egunerokotasuna, eta haur horiengan eskolatzeak edo ez eskolatzeak duen eragina modu finean jasotzen du Awlad-hesiak gainditu dokumentalak. Lana iazko azaroan estreinatu zuten Bilboko Zinexit jaialdian. Telebistako estreinaldia, berriz, bihar izango da ETB2 katean, 23:10ean.

Cossimo Caridi eta Ane Irazabal dira dokumentalaren zuzendariak. Duela bi urte, Lesbos uharteko (Grezia) Moriako errefuxiatu kanpalekuan zeudela, hainbat herrialdetako haurrak ikusi zituzten elkarren artean turkieraz hitz egiten. «Izan ere, Turkian pasatu zuten denboraldian eskolatuak izan ziren. Horrek argia piztu zigun, eta proiektu luzeagoa eta sakonagoa egitea erabaki genuen», oroitu du Irazabalek. Lau herrialdetan bizi diren lau haur dira dokumentaleko protagonistak, errefuxiatuen familietakoak. «Denbora asko pasatu genuen familiak aukeratzen, haiekin Skype bidez hitz egiten eta haiei proiektua ezagutzera ematen. Ziur egon nahi genuen prest egongo zirela gurekin hamar egun pasatzeko. Izan ere, behin haiengana iritsita, gau eta egun jarraitu genituen kamerekin».

Dokumentala Zinexit jaialdian estreinatu ostean, egileek giza eskubideen inguruko jaialdi askotara aurkeztu dute. Baina koronabirusaren ondorioz, urte amaierara atzeratu dira. Atzo jakin zuten lana Giffoni jaialdiako finalerdietarako hautatuen artean dagoela.

Konfinamendu garaian, egileek dokumentala Interneten doan jartzea erabaki zuten. «Gure helburua da ahalik eta jende gehienak ikustea eta feedbacka jasotzea. Pertsona askok idatzi digute izugarri hunkitu direla esanez, eta haien seme-alabekin ikusi, partekatu eta hausnartu dutela adieraziz», esan du Irazabalek.

Arrasaten (Gipuzkoa) jaiotako kazetariak Eurobasque 2019 saria jaso zuen, dokumentalean egindako lanagatik —sari banaketaekitaldia maiatzaren 8rako zegoen iragarria, baina ezin izan zuten egin—.

Telebistako estreinaldiari dagokionez, Irazabal gustura azaldu da: «Telebistak beti ematen du aukera publiko zabalago batengana iristeko, jaialdietara ez doana eta sare sozialik ez daukana. Alde horretatik, oso pozik gaude gure telebistak emango duelako».

Aurrera begira, dokumentala beste eremu batzuetara ere iritsiko dela espero dute bi kazetariek. «Hurrengo pausoa izango litzateke ikastetxeetan erakustea; bada, izugarri interesatzen zaigu haurrek nola erreakzionatzen duten ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.