Telebista da oraindik albisteen berri izateko hedabiderik gogokoena

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarren %64k egunero ikusten dituzte telebistako albisteak
Herritar bat, ETB1 katea ikusten, taberna batean.
Herritar bat, ETB1 katea ikusten, taberna batean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 18
Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, telebista da informazioa jasotzeko hedabiderik gogokoena, nahiz eta gazteen artean Internet izan gehien erabilia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %64k egunero ikusten dituzte albisteak telebistan, eta beste %14k astean hiru edo lau aldiz. Maiztasuna gutxitu egin da lau urteko epean: 2014an %76 ziren albisteak telebistan egunero ikusten zituztenak, eta %11 astean hirutan edo lautan ikusten zituztenak. Edonola ere, herritarren %44k adierazi dute telebista dela eurentzat albisteak jasotzeko hedabiderik garrantzitsuena. Telebistak alde handia ateratzen die beste hedabideei.

Jaurlaritzaren ikerketarako, telefono bidezko 900 elkarrizketa egin zituzten azaroan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 urte baino gehiagoko herritarrekin. Kalkulatu dute %3,3koa dela egon daitekeen errorea.

Herritarren %28k adierazi dute Internet dela eurentzat albisteen berri izateko hedabide nagusia. Ehuneko hori nabarmen handiagoa da 18-45 urte artekoen artean, eta haientzat informazioa jasotzeko garrantzitsuena da Internet: 18-29 urte artekoen artean %58k aukeratzen dute Internet, eta 30-45 urtekoen artean, %43k.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %44k ez dituzte Interneteko sare sozialak inoiz edo ia inoiz erabiltzen. Eta, Jaurlaritzaren datuen arabera, ehuneko hori Europako Batasuneko handienetakoa da; Europan, batez beste, %33k ez dituzte sare sozialak erabiltzen inoiz edo ia inoiz. Jaurlaritzak galdetutako 18-29 urte arteko gazteen artean, ordea, %92k egunero erabiltzen dituzte sare sozialak.

Adin tarte horretako gazteen %2k soilik aipatu dute irratia albisteak jasotzeko hedabide nagusitzat. Adin guztietako herritarrak aintzat hartuz gero, %17 dira irratia gogokoen dutenak.

Bestalde, soilik hamar lagunetik batek adierazi du paperezko egunkariak direla albisteak jasotzeko hedabide nagusia; 18-45 urte artekoen artean, %5ek. 2014an, herritarren %34k egunero irakurtzen zuten egunkaria paperean. Lau urte geroago, %22 baino ez dira.

Albiste faltsuekin kezka

Bestalde, ikerketak ondorioztatu du herritarrek kezkagarritzat jotzen dituztela albiste faltsuak: %61entzat, informazio faltsua «arazo larria» da demokraziarentzat, eta, %29rentzat, «larria neurri batean». Europako Batasunean, batez beste, oso larritzat jotzen dute %45ek, eta neurri batean %38k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamar lagunetik zortzik uste dute hedabideetan informazio faltsua topatzen dutela gutxienez hilean behin. Baina soilik erdiek uste dute badakitela informazio bat noiz den faltsua edo noiz ez den errealitatearen isla garbia. Europako Batasunean, aldiz, %71k uste dute nabaritzen dutela noiz den berri bat faltsua. %41ek uste dute batez ere sare sozialetan zabaltzen dela informazio faltsua, eta %38k diote hedabide mota guztietan edo gehienetan zabaltzen dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna