Fikzioaren alorreko 600 profesional bilduko dira Iruñean, bi aste barru

Conecta Fiction topaketan 'Héroes invisibles' eta 'Monzon' telesailak estreinatuko dituzte
Disneyk Carlos Monzon boxeolariari buruzko telesail bat estreinatuko du Iruñean, hilaren 19an.
Disneyk Carlos Monzon boxeolariari buruzko telesail bat estreinatuko du Iruñean, hilaren 19an. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2019ko ekainak 7
Europako eta Amerikako ekoiztetxeen eta kateen arteko elkarlanak sustatu eta elkar ezagutzeko helburuarekin, Conecta Fiction topaketa sortu zuten, 2017an. Aurreneko bi urteetan, Galiziako Santiago hirian egin zuten nazioarteko topaketa, eta, aurten, aurreneko aldiz, Iruñean egingo dute. Hilaren 17tik 20ra, fikzioaren arloko 600 profesional inguru bilduko dira Nafarroako hiriburuan. Herritarrek, bestalde, Héroes invisibles eta Monzon telesailen estreinaldiak ikusi ahalko dituzte, Baluarte jauregian; aurrenekoa Finlandiaren eta Txileren arteko ekoizpen bat da, eta Pinocheten diktadura garaian milaka txiletar salbatu zituzten diplomazialari batzuen istorioa kontatzen du. Bigarrena, berriz, Carlos Monzon boxeolari argentinarrari buruzkoa, da eta Disneyk ekoitzi du.

Geraldine Gonard Conecta Fictioneko zuzendariak esan du ekitaldia asko hazi dela bi urteotan. «Proiektu ibiltari gisa sortu genuen. Orain, toki perfektua aurkitu dugu, batez ere aintzat hartuta Nafarroako ikus-entzunezko industria izaten ari den gorakada eta erakunde publikoek ematen dioten babesa». Bestetik, Donejakue bidearen amaieran hasi zuen Conecta Fictionek bidea. «Eta, orain, bidearen sorlekura etortzea erabaki dugu. Iruñeak eta Nafarroak aukera asko ematen dituzte nazioarteko industriak negozioa eta garapena sorraraz dezan».

Ekitaldi gehienak Iruñeko Baluarte jauregian egingo dituzte. Baina, aurreneko egunean, profesional gehienak Nafarroako ibilbide bat egitera eramango dituzte Conecta Fiction Think Thank izenburuko ekitaldian: Bardeetara eramango dituzte lehenbizi, eta, gero, Erriberriko errege jauregian bilduko dituzte. Fikzioaren etorkizunaz eztabaidatuko dute han, eta ondorioak hurrengo egunean aurkeztuko dituzte, Baluarten, Sophie Valais Europako Ikus-entzunezkoen Behategiko aholkulariak eta Concepcion Cascajosa Carlos III. Unibertsitateko irakasleak.

Pitching deialdiak ere egin ditu Conecta Fictionek. Finalistak hilaren 18an aurkeztuko dituzte.

Koprodukzioak, gorantz

Europaren eta Amerikaren arteko koprodukzioak asko ari dira ugaritzen, Gonardek azaldu duenez. «Telesailen aurrekontuak asko garestitu dira, eta horrek ere badu eragina. Atal bakoitza ia-ia pelikula bat bezalakoa da. Horrenbestez, beharrezko bihurtu da hainbat bazkideren artean finantzaketa lortzea». Conecta Fictionen xede nagusia elkargune bat sortzea da, industriaren parte diren aktore nagusiek elkar ezagutu dezaten eta beren proiektuak aurkez ditzaten. «Lau egun horietan, mota askotako akordioak sor daitezke», adierazi du Gonardek. «Akordioak kateen eta ekoiztetxeen artean sor daitezke, baina baita talentuaren eta ekoiztetxeen artean ere. Akordioak gidoilarienak, finantzaketa arlokoak edo aholkularitza juridikoari dagozkionak izan daitezke».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna