Aurreiritziak hausteko asmoz

Leonard Martinek eta Alicia Northek 'La conciencia' websaila estreinatuko dute larunbatean
Anaut Patterson Mendiola, <em>La conciencia</em> websaileko aktore protagonistetako bat.
Anaut Patterson Mendiola, La conciencia websaileko aktore protagonistetako bat. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 13
Hezteko eta estereotipoak hankaz gora jartzeko asmotan, La conciencia websaila sortu dute Leonard Martinek eta Alicia Northek, Donostian. Sei atal dituzte eginak, eta larunbatean estreinatuko dute aurrenekoa —gaztelaniaz da, eta elkarrizketa batzuk euskaraz entzun ahalko dira—. La conciencia-ren webgunean, Youtubeko kanalean eta Instagrameko kontuan zabalduko dute websaila. Martin Erresuma Batukoa da, eta hamabi urte daramatza Gipuzkoan bizitzen. North, berriz, Alemaniakoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ari da ikasten.

Martinek proiektuaren oinarriak zein diren azaldu du: «Gure helburua da beste errealitate batzuk erakustea eta aurreiritziak haustea, berdintasuna sortzea jende guztiarentzat, eta mikroerasoak eta mikromatxismoak salatzea».

Hiru protagonistak etxe berean bizi dira, Gipuzkoako hiriburuan: Enekoitz beltza da, euskalduna, eta ingeniaritza master bat ikasten ari da; Maria neska transexual bat da, eta hortz-klinika batean egiten du lan; eta Jorge Kolonbiakoa da, homosexuala, eta Donostiako erdialdeko denda batean egiten du lan. Enekoitz pertsonaia euskaraz mintzatuko da, eta medikuaren kontsultan ere euskara entzungo da; Anaut Patersonek jokatzen du euskaldun beltzaren rola, eta beste bi aktoreak Ion Davila eta Aitzole Araneta dira.

Martinek argi du proiektuak «hezitzailea» izan nahi duela: «Istorioetan, aurreiritziak hausten ariko gara. Atalak laburrak dira, baina emozioz beteak. Ikus-entzule gazteengana iritsi nahiko genuke». Fikzioaren webgunean hainbat gidalerro jasoko dituzte, atal bakoitzeko gaiak modu hezigarrian lantzeko.

Sosik kobratu gabe lanean

Martinek eta Northek hainbat lagunen babesa jaso dute lana grabatu ahal izateko. «SOS Arrazakeriako hiru boluntario etorri ziren laguntzera. Eta, besta, Gehituk bere egoitza utzi digu etxe barneko eszenak grabatzeko», azaldu du Martinek; ohartarazi du hedabideren batean argitaratu dela websaila SOS Arrazakeriak-ek ekoitzi duela, baina hori ez da hala.

Batzuen eta besteen laguntzari esker grabaketak «oso dibertigarriak» izan zirela gogoratu du websailaren zuzendariak. «Zorte handia daukagu: ikusi dugu jende dezentek lagundu nahi digula».

Urte eta erdiz aritu dira Martin eta North proiektuan lanean, sosik kobratu gabe. «Bioi ilusioa egiten digu proiektuarekin jarraitzeak, baina ekoizlerik gabe ezingo dugu jarraitu». Aitortu du dirua lortuko lukeen norbait haiengana gerturatuko balitz pozik hartuko luketela: «Norbait animatzen bada laguntzera, primeran».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna