ETBk Durangon agurtuko du urte zaharra, eta kantuan hartuko du berria

Sara Gandarak, Mikel Pagadizabalek eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko dute saio berezia

Zuriñe Hidalgo kantaria eta 'Go!azen' telesaileko aktoreak, 'Go!2021' saio berezian. ETB.
jakes goikoetxea
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
ETBk Durango (Bizkaia) aukeratu du gaur 2020 urteari agur esateko. Bertatik egingo du Urtezahar gaueko kanpai hotsen zuzeneko kontakizuna, Kaixo 2021 izeneko saioan. Aurkezleak ohikoak izango dira: Sara Gandara albistegietako kiroletako aurkezlea, eta Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga Herri txiki infernu handi saioko aurkezleak. Ordu erdiko saioa izango da, 23:45etik 00:15era. ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en aldi berean ikusiko da.

ETBren arabera, Durango aukeratu dute «euskal kulturaren hiriburua» delako eta, pandemiak pandemia, aurten ere Durangoko Azoka egin egin delako, «kulturgileen ahaleginari eta herritarren erantzunari esker».

Urte bukaerako saio bereziaren aurretik ere Pagadizabal, Gurrutxaga eta Durango izango dira protagonista, Biba Durango! saioan: «Komeria dibertigarriak izango dituzte, eta, kanpaiak zuzenean emateko lekura garaiz iristea lortzeko, herritar berezienen laguntza izango dute».

ETB1ek sorpresa bat iragarri du: Mikel Urdangarin musikariak eta Itziar Ituño aktoreak Xabier Lete omenduko dute, Plateruena kafe antzokitik.

Urte berriarekin bat, musikan eta Go!azen telesailean oinarritutako programa bat emango du ETB1ek: Go!2021. Zuriñe Hidalgo kantariak aurkeztuta, Go!azen-eko aktoreak eta Euskal Herriko musikariak arituko dira kantuan: Alex Sardui (Gatibu), Anne Etxegoien, Gorka Sarriegi (Sorotan Bele), Iñaki Ortiz de Villalba (Modus Operandi), Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze (Lain), Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea (Gozategi), Francis (Doctor Deseo), Iker Lauroba, Zuriñe Hidalgo (Hesian)...

Hamaika telebistak ere saio bereziak prestatu ditu gaur gauerako. Alde batetik, 23:15etik aurrera, Naroa Iturrik eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuta, «saio xumea» egingo dute. Umorea eta ezusteak izango direla aurreratu dute. Baita Hamaika telebistako lantaldearen bideoklipa ere. Bestetik, gauerditik aurrera, euskal abestien karaokea eskainiko du Hamaika telebistak.

Perurena eta dantzariak

Bihar, berriz, ETB1ek Oholtzan saioaren bi emanaldi berezi eskainiko ditu 22:00etatik aurrera. Bata, Pozalaguako haitzuloan (Karrantza, Bizkaia) izan zen Harria ikuskizuna, Ilaski Serranok aurkeztua. Mulixka dantza taldea eta Perurena harri jasotzailea dira protagonista. Bestea, Durangoko 25. Txistu Ekitaldia.

ETB2n, kanpai hotsen aurretik, Una cancion para Nochevieja saioa (Abesti bat Urtezahar gauerako) emango dute. Julian Iantzik aurkeztuta, pertsona ezagunak eta talde ezberdinak kantuan jarriko dituzte.

Gauerdia eta gero, rantxerak izango dira. Navarra Arenan grabatutako saio bat eskainiko dute. Los Tenampas y el Mariachi, Puro Relajo, Chuchin Ibañez, Serafin Zubiri, Bruno Jimenez eta Lorena Jimenez arituko dira kantari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.