Hamaika bizipen euskararekin

ETB1ek 'Hamaika' lana emango du etzi. Berria TBk Euskaraldiko azken hiru bideoak jarriko ditu

Nafarroako Erriberako bi euskaltzale. ETB1eko Hamaika dokumentalean azalduko dira, etzi. FILMAK.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskaraldia astelehenean amaituko da, Euskararen Egunean, eta euskarazko komunikabideek arreta berezia jarriko dute egunotan ahobizi eta belarriprest rolak jokatu dituzten herritarrek izandako bizipenetan. ETB1ek Hamaika erreportajea estreinatuko du, astelehenean, 22:35ean. Euskaraldiari egindako jarraipena egingo dute, ekinaldian parte hartu duten hainbat protagonistarekin. Baina, horrez gain, euskararen erabilerarekin lotutako istorio bereziak jasoko dituzte.

Filmak ekoizpen etxeak egin du Hamaika, eta zuzendariak Fermin Aio eta Julen Iriondo izan dira. Ikus-entzuleek ikusiko dituzten istorio batzuen berri eman du Iriondok: «Antzuolako [Gipuzkoa] Elay enpresaren esperientzia jasoko dugu, aitzindaria izan baitzen euskara plana enpresan sartzen. Lantokian euskaldundu zen langile baten hitzak jasoko ditugu». Errigora egitasmoaren berri ere jasoko dute. «Eta Gasteizen, Puente farmaziara joko dugu, hiriko zaharrenera. Laugarren belaunaldian sartu da euskara farmazian, eta bertan lanean ari diren guztiek euskaraz egiten dute gaur egun». Iriondok azaldu duenez, erreportajean musika instrumentala hautatu dute, istorioen erritmoarekin bat egiteko. «Saioko protagonistetako bat musikaria izango da: Belako taldeko Cris Lizarra».

Ahots ugari entzungo dira ETB1eko saioan: irrati esatari ezagun batena, belaunaldi bateko etenaren ostean euskara berreskuratu duen familiarena eta egunotan Euskaraldiarekin bat egin duten herritar askorena. «Bilbotik Erriberara, eta Erriberatik Angelura joango gara».

Aurreko bi astelehenetan, ETB1ek Euskaraldia: bat eta bat hamaika saioa eman zuen; Orio ekoizpen etxeak egin zuen, eta hilaren 10erako hirugarren atala egingo dute. Honako galdera honi erantzuten saiatuko dira: «Hamabigarren egunetik aurrera, zer?».

Berria telebistaren Berria bizi saioan ere galdera horri helduko diote astelehenean: «Euskaraldiaren ondoren, zer?». Horretarako, Emuneko ordezkarien aholkuak jasoko dituzte. Saio berean, gaur, Euskaraldia Bardozen (Lapurdi)nola bizi izan duten kontatuko dute. Igandean, berriz, herritarrek Euskaraldian izandako bestelako esperientzia batzuk entzuteko aukera egongo da.

Euskara Eguneko ekitaldiak

EITBko irratietan ere Euskaraldiari gertutik erreparatzen ari dira. Irrati bakoitzeko esatariak euskararekin zer harreman duten ari dira kontatzen. Euskararen Egunean, berriz, irratiek bat egingo dute goizean Topagunetik zabalduko duten mezuarekin. Arratsaldean, Donostiako ekitaldi instituzionalaren berri emango dute. Hain zuzen ere, ekitaldi hori Kursaaletik zuzenean emango du ETB1ek, etzi, 19:00etan. Xabier Sukia kazetariak egingo du kontakizuna.

Hamaika telebistak eguneko ekitaldiak jasoko ditu Gurean Gaur albistegian, eta hainbatudaletxetan eta elkartetan grabatutako bideoak emango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.