Etena bainoago, egokitzapena

Lau kazetari gaztek nabarmendu dute kazetaritza ez dela etengo etorkizunean, baina unean uneko paradigmetara egokitu beharko duela. Komunikaldian parte hartu dute.

Beñat Hach Embarek, Garazi Aiesta, Josu Odriozola eta Nagore Arin kazetariak, herenegun, Aretxabaletan. J.C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Badago ahalegin bat BERRIAren aldetik gazteengana heltzeko. Berria Telebista hor dago, sare sozialak daude, eta Berria FM podcasta ere bai». Hala esan zuen ostegunean Nagore Arin kazetariak —neguko praktiketan ari da BERRIAn— Mondragon Unibertsitateak antolatutako Komunikaldia jardunaldian, Aretxabaletan (Gipuzkoa). «Twitter bidezko zuzeneko kontakizunak egiten dira, Durangoko Azokan horretan aritu gara... Sare sozialetan gutxieneko informazioa bermatuta dago, gazteengana heltzeko bide horretan», gaineratu zuen. Gazteak eta kazetaritza. Nondik dator etena? izenburupean, haien esperientziaz aritu ziren Arin bera, Garazi Aiesta ETBko albistegietako kazetaria, Josu Odriozola Naiz irratiko esataria eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko koordinatzailea eta Zuzeu atariko erredaktorea.

Aiestak aitortu zuen zaila dela gazteengana iristea. «Oso gazte gutxi daude ordu jakin batean telebistaren aurrean, munduan zer gertatu den jakiteko zain. Sakelakoarekin une oro badakigu zer gertatzen ari den, eta interesatzen zaizkizun gaiak araka ditzakezu». Aiestaren ustez, deskonexio bat dago gazteen aldetik ohiko telebistarekin. «Horregatik saiatzen gara sare sozialen bidez gazteak kateatzen, baina zaila da».

Hach Embarekek nabarmendu zuen Zuzeu-n eztabaidarako plaza bat eskaintzen saiatzen direla. «Podcast formatuen alde egin dugu apustu, eta horri esker gazte gehiagorengana iritsi gara. Youtube bere garaian zerbait oso indartsua izan zen bezala, gaur egun podcastek zerbait erakargarria eskaintzen dute: eguneroko lanak egiten ari zaren bitartean, entzun dezakezun eduki bat da».

Odriozolak azaldu zuen gazteengana iristeko nahieran eskaini behar direla edukiak: «Gazteek nahi eta ahal dutenean izan behar dute aukera informazioa kontsumitzeko».

Zaldibarkoa Telegrametik

Arinek azaldu zuen euskarazko hedabideetan erronka bat baino gehiago daudela: «Kontsumo joerak nabarmen aldatu dira. Informazioa gugana iristen da, sakelakora: autobusaren zain zaude, eta Telegrameko kanalaren bidez iristen zaizu Zaldibarren luizi bat gertatu dela. Horregatik, garrantzitsua da ez mugatzea euskarri bakar batera, eta sakondutako gaiak euskarri desberdinetan zabaltzea». Mesfidantzari dagokionez, bestalde, Arinek nabarmendu zuen ona dela gai zehatzak jorratzen dituzten kazetariak erreferente izatea.

Etorkizunari begira, Aiestak uste du kazetaritza bera ez dela etengo: «Kazetaritzak aurrera jarraituko du. Aldatuko dena da kontsumitzeko modua. Hedabide bakoitza saiatuko da bere tokia topatzen». Iritzi berekoa da Odriozola: «Ez dut uste informazio jarioa inoiz etengo denik. Baina kazetaritzak jakin beharko du garai bakoitzera egokitzen». Arinek adierazi zuen, bestalde, papera gain behera badoa ere hedabide berberaren Interneteko trafikoa gorantz doala: «Horrek esan nahi du hedabide horrekiko erreferentzialtasunak segitzen duela. Erronka da unean-unean paradigma berrietara egokitzeko prestasuna izatea eta adi mantentzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.