DocsBarcelona jaialdiko lan guztiak Filminen ikusi ahalko dira

'Letters from Masanjia' dokumentalak abiaraziko du gaur jaialdia, eta TV3ek ere emango du

Letters from Masanjia dokumentalaren irudi bat. Lan horrekin hasiko da gaur DocsBarcelona. DOCSBARCELONA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonako zinema eta proiekzio aretoak itxita daudenez, DocsBarcelona dokumentalen nazioarteko jaialdia aurten ez da aurrez aurrekoa izango, Internet bidezkoa baizik. Filmin plataformak izango du bidelagun jaialdiak, eta streaming zerbitzu horretan —hilean 7,99 euroko kostua du harpidetzak— ikusi ahalko dira 36 dokumentalak. Gaur hasiko da jaialdia, eta, hilaren 31 bitartean, profesionalen hitzaldiak ere emango dituzte Instagram bidez.

Jaialdiaren hasierako lana Leon Lee zuzendariaren Letters from Masanjia izango da. TV3 telebista kateak ere emitituko du dokumentala, Sense ficció saioaren barne, 22:00etan. Txinan zenbait herritarrek jasaten duten errepresioa islatzen du filmak, istorio bitxi baten bitartez: Julie Keith Oregongo herri txiki batean (AEB) bizi da, eta Halloweeneko dekorazio kutxa bat erosi du Internet bidez. Kutxaren barnean gutun bat topatu du, Sun Yi izeneko gizon batek Masanjiako (Txina) kontzentrazio esparruan idatzitakoa. Han jasandako tratu txarren berri ematen du Yik. Dokumentaleko zuzendariak —Kanadan bizi da erbesteratuta— presoarekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta irudiak filmatzeko ikasbide batzuk eman zizkion. Irudi horietan Txinako Gobernuak erabiltzen dituen metodo zapaltzaileak ikusten dira. Era berean, animaziozko teknikak erabili ditu Leek istorioa kontatzeko.

Sail Ofizialean, 13 lan

DocsBarcelona jaialdiko dokumental onenaren saria eramateko lehian, hamahiru lan aurkeztuko dituzte Panorama Sail Ofizialean. Horien artean, Wei Wei aktibista eta artista Vivos lanarekin lehiatuko da —Mexikon 2014ko irailean desagertu ziren 40 ikasleen auzia kontatzen du—. Danimarkako Daners Ostergaard zinemagileak fikzioaren eta errealitatearen arteko hibrido bat egin du Winter Journey filmean—dramatizazioetan, Bruno Ganz aktoreak hil aurreko bere azkeneko lana egin zuen—. Txekiako zinemagintzaren erreferentziazko zuzendari bat hobeto ezagutzeko aukera emango du, bestetik, Helena Trestikovaren Forman vs Forman dokumentalak.Koreako Sung A-Yoon, berriz, Overseas lanarekin lehiatuko da. Lea Tsemel Israelgo abokatuaren nondik norakoak ezagutu ahalko dira Rachel Leah Jones eta Philippe Bellaiche zuzendarien Advocate dokumentalari esker. Tonislav Hristov The magic life of V-rekin lehiatuko da; eta Isa Willinger, Hi, A.I.-rekin.

Latitud sailean sei dokumental aurkeztuko dituzte. Horien artean, Brasilgo Fernanda Pessoak Zona árida eramango du, estatubatuarren bizitza estiloa desmitifikatzen duen lana.

What de Doc sailean nazioarteko dokumental berritzaileei egiten diete tokia, eta aurten lau lan eskainiko dituzte.

Dokumental gehienak 72 ordutan egongo dira ikusgai Filminen. Jaialdiak nabarmendu du zuzendarien %55 emakumezkoak direla. BarcelonaDocs-eko zuzendari Joan Gonzalezek aitortu du «ezohiko» festibala izango dela aurtengoa. «Jaialdia babesteaz gain, zinemagile ausarten lanak babestu nahi izan ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.