RTVEko albistegi kontseiluen iritziz, lehiaketa ez da neutrala izango

PPk eta Ciudadanosek gehiengoa izango dute berritze prozesuan, gobernuak esku hartu ezean
Pio Garcia Escudero Espainiako Senatuko presidentea, Ana Pastor Espainiako Diputatuen Kongresuko presidentea eta Jose Antonio Sanchez RTVEko presidentea, artxiboko irudi batean. Sanchezek bihar utziko du kargua.
Pio Garcia Escudero Espainiako Senatuko presidentea, Ana Pastor Espainiako Diputatuen Kongresuko presidentea eta Jose Antonio Sanchez RTVEko presidentea, artxiboko irudi batean. Sanchezek bihar utziko du kargua. JAVIER LIZON / EFE

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 21
RTVEko administrazio kontseilua eta presidentea hautatzeko lehiaketa publikoa onartu ditu Espainiako Kongresuak, eta soilik PPk eta Ciudadanosek eman diote onespena. Formula berriaren arabera, RTVEko adituen batzordean PPk eta Ciudadanosek gehiengoa izango dute —batzordeak onartuko ditu administrazio kontseilurako hautagaiak—. Hamahiru kide izango ditu aipatutako batzordeak: sei PPk aukeratuak, hiru PSOErenak izango dira, bi Unidos Podemosenak, bat Ciudadanosena eta beste bat talde txikietako batena. Espainiako Senatuak ostegunean helduko dio lehiaketaren arauari, baina, PPk gehiengoa duenez, ez du arazorik izango aurrera egiteko.

Onartutako formularekin kexu agertu dira PSOE, Unidos Podemos, sindikatuak eta RTVEko albistegietako kontseiluak. Albistegietako kontseiluek salatu dute lehiaketak ez duela independentzia bermerik: «Ez dago bermatuta lehiaketa neutrala izango denik. Izan ere, PPk eta Ciudadanosek blokeorako gehiengoa izango dute adituen batzordean, eta horrek aukera ematen die hautagaitzak filtratzeko». Albistegietako kontseiluei beharrezkoa iruditzen zaie adostasuna egotea alderdi politikoen artean, korporazioaren presidentetza «benetan» independentea izan dadin. Talde politiko guztiei eskatu diete prozesuaren neutraltasuna bermatzeko. «Hori gabe, galduta gaude», gaineratu dute.

CCOOk salatu du PPren eta Ciudadanosen akordioa RTVEko etorkizunaren interesen aurkakoa dela. «Espainiako Kongresuko alderdi politiko guztiak ordezkatuta egotea nahi genuke, prozesu integratzaile batean», adierazi du sindikatuak. UGTk ere kritikatu du ez dela adostasunik egon: «PPk bere kontrola blindatu du, Ciudadanosen babesarekin».

CCOOk iradoki du Espainiako Gobernu berriak errege dekretuz alda dezakeela RTVEren zuzendaritza. Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak esan du «eskandaluzkoa» litzatekeela hori: «PSOEk mehatxatu du errege dekretu bidez hatzez aukeratuko duela RTVEko presidentea, PPk egin izan duen moduan».

Prozesua luzatu egingo da

Jose Antonio Sanchezek, bestalde, bihar utzi beharko du RTVEko presidente kargua, legeak hala aginduta —iaz 199.379 euroko soldata izan zuen—. Administrazio kontseiluak onartu du kontseiluko kideak hilero txandaka hartuko dutela kargu hori, lehiaketa publikoaren prozesua bukatu arte. Uztailaren 10ean izendatu dute behin-behineko presidentea, zozketa bidez. Sanchezek, bestalde, hainbat kontratu adjudikatu dizkio asteon Enrique Cerezo enpresariari —Espainiako zinemaren eskubide gehienen jabea da—.

Langileek manipulazioaren aurkako protestei eutsiko diete bihar, beltzez jantzita, eta zentroen arteko batzordeak manifestazio batera deitu du Madrilen, larunbaterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna