Hamaikak denboraldia hasi du, eta gaur Diada emango du zuzenean

Aurreko ikasturtearen amaierako programazioa «egonkortzen» ahaleginduko dira udazkenean

Beñat Zarrabeitiak Diadari buruzko saio berezia aurkeztuko du gaur arratsaldean. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Albistegiak, aktualitatearen jarraipena, mahai inguruak eta analisi tarteak izango dira Hamaikaren programazioaren ardatza datozen hilabeteetan. Hala iragarri du Beñat Zarrabeitia telebistako komunikazio arduradunak. Horren erakusgarri, Hamaikak saio berezia emango du gaur arratsaldean, Kataluniako Diadaren inguruan, 17:00etatik 19:00etara —21:30etik 23:30era ikusi ahalko da berriro—. Zarrabeitiak berak aurkeztuko du zuzeneko programa, Bilboko platotik. TV3 kateko irudiak ikusi ahalko dira, eta, horrez gain, Saioa Baleztena Bartzelonako kaleetan ibiliko da elkarrizketak egiten. «Baleztena lore eskaintzan egongo da goizean, eta Euskal Herritik joandako ordezkariak elkarrizketatuko ditu», azaldu du Zarrabeitiak. «Bideoak bidaliko dizkigu Diadatik». Euskal Herriko errealitateaz ere mintzatuko dira saioan.

Hamaikak atzo hasi zuen denboraldi berria. «Aurreko ikasturtearen bigarren partean egin genuena egonkortzen saiatuko gara denboraldi honetan», azaldu du Zarrabeitiak. «Gurean gaur albistegia 20:30ean emango dugu; lehen blokean, Nekane Zinkunegi aurkezleak albisteen kontakizuna egingo du, eta bigarren blokean elkarrizketak eta erreportajeak emango ditugu». Bilboko, Iruñeko eta Donostiako erredakzioetan landutako albisteak sartuko dituzte albistegian. Ostiraletan, Gurean gaur-ekin batera, asteko kronika egingo dute.

«Jarraitutasuna» saioei

Aurreko denboraldiaren bigarren partean, Hamaikak hainbat saio berri jarri zituen martxan, eta Zarrabeitiak nabarmendu du horiei «jarraitutasuna» ematen saiatuko direla: astelehenetan, Hiriburuan saioa egingo dute, Bilbo Handia ardatz dutela —datorren astean jai ereduei buruz ariko dira—; astearteetan, Edurne Senisoainek Nafarroa gaur eztabaida saioa aurkeztuko du; asteazkenetan, Irati Elizaldek Bidegurutzea aurkeztuko du —bihar Diadaren biharamuna aztertuko dute, eta immigrazio gaiez ariko dira—; eta ostegunetan, kultur gaiak landuko dituzte Artekale-n —Iker Aginaga arituko da aurkezle—. Hamaikak Musika zuzenean saioa ere emango du, ostegunetan, Koldo Otamendiren eskutik. «Programa horrek jarraipen polita izan du musikagintzaren eremuan. Arreta lortu du, eta horretan jarraitu nahiko genuke», esan du Hamaikako kazetariak.

Zarrabeitiak iragarri du asteburuetan saio berezi dezente izango direla: Nafarroa Oinezi buruzkoa, Sareren urriko manifestazioa, Durangoko Azoka... «Aktualitateari jarraituko diogu datozen hilabeteetan», esan du Hamaikako komunikazio arduradunak. «Eduki bereziak prestatzen ari gara Euskaraldiari begira ere».

Donostiako Zinemaldiko egunetan Zurriolako butaka saioa emango du Hamaikak gauero— BERRIArekin eta euskarazko beste hedabide batzuekin elkarlanean egiten dute—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.