Facebook telesailen lehian sartu da, 'Sorry for Your Loss' lanarekin

Netflixek eta Amazonek ez bezala, edukiak doan eskaintzen ditu Facebook Watch zerbitzuak

Elizabeth Olsen eta Marie Tran, Facebooken Sorry for Your Loss telesaileko aktore protagonistak. FACEBOOK WATCH.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Esperimentuak nerabeekin eta aktore ezezagunekin egin ditu Facebook Watch zerbitzuak, baina, oraingoan, aktore ezagunekinhelduentzako telesail bat aireratu du. Sorry for Your Loss du izenburu, eta, horrekin, Facebook telesailen lehia gogorrean sartu da irail honetan.

Netflix, HBO, AMC edo Amazonen lehiakide izan nahi du Mark Zuckerbergen sare sozialak. Iazko abuztuaren 9an, Facebook Watch zerbitzua abiatu zuen AEBetan, eta hilaren amaierarako mundu osora zabaldu zuen. Telesail laburrekin hasi zen, ikusle nerabeak zituela jomugan: SKAM Austin estreinatu zuen aurtengo apirilean; Five Points, ekainean; eta Turnt, abuztuan. Helduentzako Sacred Lies uztailean zabaldu zuen.

Baina benetako apustua orain egin du. Elizabeth Olsen aktorea (Avengers, Captain America, Old Boy) da Sorry for Your Loss telesailaren protagonista. Leigh Shaw aholkulariarena egiten du Olsenek. Senarra berriki galdu du, eta antzeko egoeran dauden pertsonekin terapia talde batean hartzen du parte. Galerari aurre egin, eta munduan berriz bizitzen ikasi behar duten pertsonaien ingurukoa da telesaila.

Lau atal jarri ditu ikusgai Facebook Watch zerbitzuak. Telesailak denera hamar izango ditu, bakoitza ordu erdi ingurukoa. Lehen lau atalak, gainera, Torontoko Zinema Jaialdian erakutsi zituzten, irailaren 8an.

Doaneko lehiakidea

Facebookek lehia gogorra egin diezaieke kable bidezko telebistei eta Internet bidezko plataformei. Izan ere, beste gehienek ez bezala, sare sozialak doan eskaintzen ditu ikus-entzunezko edukiak. Telesailetako atal bakoitza egiteko, milioi laurden eta milioi bat euro artean gastatzen ditu Facebookek, eta, aurten bakarrik, 1.000 milioi euro inguru inbertitzeko asmoa du sare sozialak. Edukiak doan eskaini arren, dirua irabazteko asmoa du Facebookek telesailekin, publizitatearen bidez. Izan ere, iragarkiak ematen dituzte bideoak hasi aurretik, eta saioen erdian. Urtearen amaierako, sare sozialak ia 500 milioi euro irabazi asmo ditu Facebook Watchi esker.

Facebooken partekatzen diren bideoak leku batean biltzeko gune gisa hasi zen zerbitzua; hau da, Youtube antzeko gauza bat litzateke, baina sare sozialaren barnean.

Garai interesgarrian zegoen lehen ere ikus-entzunezkoen banaketaren mundua. Telebista tradizionalari lehia zorrotza egin zion kable bidezkoak, eta, azken boladan, Netflix, Amazon, HBO, Hulu eta Interneteko beste plataformek aurrea hartu diete hainbatetan telesailak ekoizten, bai kopuruetan eta bai kalitatean. Orain, beste eragile bat batu zaio lehiari. Kalitate horren lekuko da kritikak ondo hartu izana Facebooken Sorry for Your Loss telesaila AEBetan. Kritikak batzen dituen Rotten Tomatoes gunean, telesaila ontzat ematen dute iruzkingileen %94k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.