Facebook telesailen lehian sartu da, 'Sorry for Your Loss' lanarekin

Netflixek eta Amazonek ez bezala, edukiak doan eskaintzen ditu Facebook Watch zerbitzuak
Elizabeth Olsen eta Marie Tran, Facebooken <em>Sorry for Your Loss</em> telesaileko aktore protagonistak.
Elizabeth Olsen eta Marie Tran, Facebooken Sorry for Your Loss telesaileko aktore protagonistak. FACEBOOK WATCH

Edu Lartzanguren -

2018ko irailak 26
Esperimentuak nerabeekin eta aktore ezezagunekin egin ditu Facebook Watch zerbitzuak, baina, oraingoan, aktore ezagunekin helduentzako telesail bat aireratu du. Sorry for Your Loss du izenburu, eta, horrekin, Facebook telesailen lehia gogorrean sartu da irail honetan.

Netflix, HBO, AMC edo Amazonen lehiakide izan nahi du Mark Zuckerbergen sare sozialak. Iazko abuztuaren 9an, Facebook Watch zerbitzua abiatu zuen AEBetan, eta hilaren amaierarako mundu osora zabaldu zuen. Telesail laburrekin hasi zen, ikusle nerabeak zituela jomugan: SKAM Austin estreinatu zuen aurtengo apirilean; Five Points, ekainean; eta Turnt, abuztuan. Helduentzako Sacred Lies uztailean zabaldu zuen.

Baina benetako apustua orain egin du. Elizabeth Olsen aktorea (Avengers, Captain America, Old Boy) da Sorry for Your Loss telesailaren protagonista. Leigh Shaw aholkulariarena egiten du Olsenek. Senarra berriki galdu du, eta antzeko egoeran dauden pertsonekin terapia talde batean hartzen du parte. Galerari aurre egin, eta munduan berriz bizitzen ikasi behar duten pertsonaien ingurukoa da telesaila.

Lau atal jarri ditu ikusgai Facebook Watch zerbitzuak. Telesailak denera hamar izango ditu, bakoitza ordu erdi ingurukoa. Lehen lau atalak, gainera, Torontoko Zinema Jaialdian erakutsi zituzten, irailaren 8an.

Doaneko lehiakidea

Facebookek lehia gogorra egin diezaieke kable bidezko telebistei eta Internet bidezko plataformei. Izan ere, beste gehienek ez bezala, sare sozialak doan eskaintzen ditu ikus-entzunezko edukiak. Telesailetako atal bakoitza egiteko, milioi laurden eta milioi bat euro artean gastatzen ditu Facebookek, eta, aurten bakarrik, 1.000 milioi euro inguru inbertitzeko asmoa du sare sozialak. Edukiak doan eskaini arren, dirua irabazteko asmoa du Facebookek telesailekin, publizitatearen bidez. Izan ere, iragarkiak ematen dituzte bideoak hasi aurretik, eta saioen erdian. Urtearen amaierako, sare sozialak ia 500 milioi euro irabazi asmo ditu Facebook Watchi esker.

Facebooken partekatzen diren bideoak leku batean biltzeko gune gisa hasi zen zerbitzua; hau da, Youtube antzeko gauza bat litzateke, baina sare sozialaren barnean.

Garai interesgarrian zegoen lehen ere ikus-entzunezkoen banaketaren mundua. Telebista tradizionalari lehia zorrotza egin zion kable bidezkoak, eta, azken boladan, Netflix, Amazon, HBO, Hulu eta Interneteko beste plataformek aurrea hartu diete hainbatetan telesailak ekoizten, bai kopuruetan eta bai kalitatean. Orain, beste eragile bat batu zaio lehiari. Kalitate horren lekuko da kritikak ondo hartu izana Facebooken Sorry for Your Loss telesaila AEBetan. Kritikak batzen dituen Rotten Tomatoes gunean, telesaila ontzat ematen dute iruzkingileen %94k.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna