'Errementari' Netflixen gaurtik

Euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta alemanez dago ikusgai. Ekoizleak «oso pozik» daude
Eneko Sagardoik deabruarena egiten du <em>Errementari</em> filmean.
Eneko Sagardoik deabruarena egiten du Errementari filmean. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko urriak 12
Handia jada ez dago bakardadean Netflix plataforman, gaurtik aurrera euskarazko beste pelikula bat ikusteko aukera baitago streaming zerbitzuan: Errementari. Mundu osoko harpidedunek euskarazko jatorrizko bertsioan ikusi ahalko dute Paul Urkijoren filma, baita ingelesera, alemanera eta gaztelaniara bikoiztuta ere. Hainbat hizkuntzatan izango ditu azpidatziak —plataformak ez du argitu zenbatetan—.

Luis Oza Unanue Errementari-ko ekoizleak esan du lantaldean gustura daudela pelikula mundu osoko milioika etxeetan ikusi ahalko delako: «Oso pozik gaude gure pelikula eskuragarri dagoelako Netflix moduko plataforma global eta indartsu batean». Jaialdiz jaialdi eta zinema areto komertzialetan egindako bidearen ostean, ikusle gehiagorengana iritsiko da Patxi errementariaren istorioa. «Ziur gaude genero fantastikoa maite duten Netflixeko harpidedun askok gure filmaren berezitasunak eta dohainak ondo baloratuko dituztela».

Arabako herrixka batean kokatzen da filmeko istorioa, XIX. mendean —lehen gerra karlista hasi eta hamar urtera—. Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementari bateraino eramango dute. Patxi da errementaria, eta inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta deabruekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Uxue izeneko neska txiki batek errementariaren etxe misteriotsuan sartzea lortuko du.

Kandido Urangak jokatzen du Patxi errementariaren rola. Filmean agertzen dira, besteak beste, Ramon Agirre, Eneko Sagardoi, Gorka Aginagalde, Jose Ramon Argoitia, Itziar Ituño, Gotzon Sanchez eta Josean Bengoetxea. Uma Bracaglia 9 urteko neskak egiten du Uxuerena.

Arabako euskara berreraikian mintzo dira protagonistak. Koldo Zuazo eta Gorka Lazkano izan zituzten bidelagun filmeko arduradunek, testuari garai bateko kutsua eman eta, aldi berean, ulergarri egiteko.

Bide aparta jaialdietan

Errementari Sitgesko Zinema Jaialdian (Herrialde Katalanak) estreinatu zuten, iazko urrian. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean aurkeztu zuten gero, eta bertan, film luze onenaren publikoaren saria irabazi zuen. Zinema areto komertzialetara martxoaren 2an iritsi zen.

Bilboko Fant jaialdian sari bat jaso zuen Urkijo zuzendariak; Utahko (AEB) Filmquest jaialdian bost sari jaso zituen; saritua izan zen, era berean, Brasilgo Fantaspoa jaialdian, Esloveniako Grossman jaialdian eta Calellan (Herrialde Katalanak). Sail Ofizialean hautatu zuten, gainera, New Yorken, Glasgown, Naoneden (Bretainia), Seattlen (AEB), Espainiako Cadizen, Caceresen eta Calandan, Frantziako Gerardmer jaialdian eta Pianmarreko Blood Window jaialdian (Argentina).

Donostiako 66. Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatu dute Errementari. Pantaila handietan egindako bidearen ostean, Netflixeko harpidedunen pantailetara heldu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna