'Go!azen' telesailaren sasoi berria hasiko da, Xabi Solanoren musikaz

Besteak beste, bullying-a eta sakelako telefonoen arazoak landuko dituzte laugarren sasoian
<em>Go!azen</em> telesailaren laugarren denboraldiko aktoreak.
Go!azen telesailaren laugarren denboraldiko aktoreak. ETB

Edu Lartzanguren -

2018ko azaroak 16
Dagoeneko laugarrena. Gazteen artean arrakasta handia duen Go!azen telesailak sasoi berria estreinatuko du gaur ETB1en. Xabi Solano (Esne Beltza) musikariak egin du gazteek laugarren denboraldian abestu eta dantzatuko duten Basakabiko atarian kanta. Musika eszena asko edukiko ditu sasoi berriak, eta «gai pisutsuagoak» landuko ditu, Maria Redondo aktoreak esan duenez.

Heldu berria da Redondo telesailera. Bago!az talentu lehiaketa irabazi zuen, eta, sari gisa, Zuriñe Lejarreta Zuri pertsonaiarena egingo du telesailean. Redondok beti izan du amets aktore izatea, eta Euskal Herrian amets horretara «gehien gertura» dezakeena Go!azen dela esan du. Legazpiarra da Redondo (Gipuzkoa), eta 2000. urtean jaio zen.

Misterio batekin hasiko da gaurko atala. Zuri Basakabira helduko da, ikasle berri gisa. Eliren ahizpaordea dela badakite beste pertsonaiek, baina inork ez du jakingo Amaia ingeles irakasle berriaren alaba dela. Ez da spoiler bat: Go!azen aplikazioan ere eman dute horren berri. Itziar Urretabizkaia izango da Amaia. Goenkale-n (Lutxi), eta Hasiberriak saioan aritutakoa da.

Ahizpen arteko tentsioa egongo da sasoi osoan. Zuri beganoa dela esango die Basakabiko arduradunei, eta gogor borrokatuko da bere printzipioak aintzat har ditzaten. «Zuri pertsonaia prest zuten aurretik, baina nire antzekoa da: borrokalaria da, indartsua, eta gauzak oso argi ditu». Edonola ere, azkenean gidoilariek barazki jale bihurtuko dute, eszena batean esnea edaten agertuko delako, Redondok esan duenez. «Arazoren bat egon da hor». Gai «pisutsuagoak» landuko ditu sasoi berriak, bullying-a, kasu. «Euskal Herriko kaleko bizitzaren ahaide izaten saiatuko gara», esan zuen Jabi Elortegi zuzendariak ekainean, grabatzen hasi aurretik. Gai horietako bat sakelako telefonoa izango zela iragarri zuen zuzendariak: nola erabili, sare sozialetan jarritako mezuen arriskuak...

Solanoren laguntza

Xabi Solanok asko lagundu diela adierazi du Redondok, «ahotsa nola egin, nora eraman melodia...». Legazpiarra ez da laugarren sasoiko aktore berri bakarra: Iker Villak Ander pertsonaiarena egingo du, eta Aitor Patterson Alex izango da.

Ostiralero emango dute Go!azen, 21:00etan. EITBk Goazen aplikazioa aktibatu du dagoeneko, eta egunero ari dira eduki berriak eskaintzen. Laugarren sasoiak hamahiru atal izango ditu. Redondok esan duenez, tarte musikal asko grabatu dituzte, besteak beste Berri Txarraken, Ruper Ordorikaren, Izaroren, Gatiburen, Kortaturen eta beste hainbat talderen kantuen moldaketekin.

Batxilergoa amaitu berritan, Madrilera arte eszenikoak ikastera joateko asmoa zuen Redondok, baina Go!azen-ek planak atzeratu dizkio. «Ez dakit beste zerbait aterako zaidan hemen, baina, printzipioz, Madrilera!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna