CBSk 566,8 milioi euro bildu ditu Super Bowleko publizitateari esker

30 segundoko iragarki bategatik 4,5 milioi ordaindu dute. Bi iragarki zentsuratu egin dituzte
New England Patriotsek 13-3 irabazi zion Los Angeles Ramsi, 53. Super Bowlean.
New England Patriotsek 13-3 irabazi zion Los Angeles Ramsi, 53. Super Bowlean. ERIK S. LESSER / EFE

Urtzi Urkizu -

2019ko otsailak 5
New England Patriots taldeak irabazi zuen igande gauean NFL futbol amerikarreko ligako finala, eta ehun milioi lagunek baino gehiagok ikusi zuten 53. Super Bowl telebistaz AEBetan. Munduko beste herrialde batzuetan ere eman zuten, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan irekian ikusi ahal izan zen TF1 kate pribatuaren bitartez —Frantzian, %15,4ko ikusle kuota bereganatu zuen—; Hego Euskal Herrian, ordainpeko operadore batean ikusi ahal izan zen.

Telebistako publizitatearen sektorean, urteko ekitaldi nabarmenetako bat izaten da partida, iragarkien oihartzunagatik eta enpresek ordaintzen duten dirutzagatik. Hala gertatu da aurten ere: 30 segundoko iragarki bakoitza 4,5 milioi euro inguru ordaindu dute enpresek. Hala, CBS telebista kateak 566,8 milioi euro jaso ditu, Super Bowlen aurretik, atsedenaldian eta ondotik emititutako iragarkiei esker. Izan ere, Gallup aholkularitza enpresak egin duen ikerketa baten arabera, hiru ikusletik batek interes handiagoa du iragarkietan futbol amerikarreko partidan baino.

Puri-purian diren telesailek parte hartze berezia izan dute zenbait iragarkitan: Bud Light garagardo marka iragartzeko bideoan, Bud Night pertsonaia Erdi Aroko zaldun gudu batean agertzen da hasieran; eta, bukaeran, Game of Thrones-eko dragoi batek zeharkatzen du zerua telesailaren azkeneko denboraldiaren estreinaldiaren datarekin batera. The Handmaid's Tale telesailaren iragarkiak ere eman du zeresana, 1984ko Ronald Reaganen Morning America kanpainaren parodia egin baitu.

CBS kateak berak iragarri du The Twilight Zone telesailaren bertsio bat estreinatuko duela apirilaren 1ean —Rod Serlingen bertsioa 1959tik 1964ra eman zuten, eta gero beste bi iritsi ziren—.

Iragarki askotan robotak agertu dira, eta umorea egiteko erabili dituzte Pringlesek eta Amazonek. Azken horretan, Harrison Ford eta Forest Whitaker aktoreak azaltzen dira. Stella Artois garagardoaren iragarkian, berriz, Jeff Bridges eta Sarah Jessica Parker agertzen dira.

Streaming plataformen ikusleengan ere eragina izan du lehiak; Netflix plataformako ikusleak %32 gutxiagotu ziren herenegun AEBetan, igandeetako batez besteko datuekin alderatuta.

Zentsuratutako iragarkiak

Super Bowlen aurreko egunetan, bestalde, zeresana eman du bi iragarki zentsuratu izanak: Acreage Holdings Kanadako enpresak kalamuak medikuntzan dituen erabilerei buruzko iragarki bat zuen, eta bertan herritar batzuk azaltzen ziren oinazeak arintzeko kalamuak ekartzen dien onura kontzen. CBSk argudiatu zuen legez debekatuta daukala drogen inguruko iragarkiak ematea. Zentsuratutako beste iragarkia Kraft Heins markarena da. Janari izoztua iragartzen zen bertan, eszena erotiko batzuetan zentzu bikoitza erabilita. Enpresak iragarkiaren beste bertsio bat prestatu zuen, Super Bowlen emankizunean arazorik gabe pantailaratu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna