'The New York Times'-ek ez du aterako komiki politiko gehiago

Donald Trump eta Benjamin Netanyahu agertzen ziren karikatura batek ika-mikak eragin zituen

Apirilaren 25ean argitaratutako komiki zinta erretiratu egin behar izan zuen The New York Times-ek. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
The New York Times egunkariak asteon jakinarazi du uztailaren 1etik aurrera ez duela zinta politiko gehiago argitaratuko bere nazioarteko edizioan —AEBetako edizioak lehendik ere ez ditu karikaturak argitaratzen—. Komiki zintak marrazten zituzten bi langileen kontratua bukatu egin du dagoeneko AEBetako hedabideak. Bi marrazkilariei eskerrak eman dizkie James Bennet editorialaren orrialdeko arduradunak: «Oso eskertuta eta harro gaude Patrick Chappatte eta Heng Kim Song marrazkilariek azkeneko urteetan egin duten lanarekin».

Gatazka sortu dute zenbait karikaturak azkenaldian, batek bereziki. Soka luzea ekarri zuen apirilaren 25ean argitaratu zuten komiki zintak: bertan, Donald Trump AEBetako Gobernuko presidentea itsu baten gisan azaltzen zen, juduen txapel batekin, eta txakur batek gidatuta. Txakurraren aurpegia Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarena zen, eta lepokotik zintzilik Daviden izarra zeramatzan. Kritika asko eragin zituen zintak, bereziki Alderdi Errepublikanoarenak. Trumpek berak kazetaren aurka jo zuen. Egunkariak erretiratu egin zuen komikia, eta barkamena eskatu zuen «antisemita» zelakoan. «Argitaratzea irizpide akats bat izan zen», esan zuen kazetak. Zinta Antonio Moreira Antunesek marraztu zuen, eta orduko hartan CNN kateari esan zion ez zuela inolako asmorik irudi antisemita bat egiteko.

Egunkariak Chappatte marrazkilariarekin zeukan kontratua eten eta gero, hark bere blogean iritziak plazaratu ditu: «Azken hatsa ematen ari naiz, nire idazluma uzten: urte asko izan dira lanean, karikatura bakar baten eraginez deseginak. Karikatura hori ez da nirea, gainera». Gaur egun prentsa askatasunak duen egoeraren inguruko hausnarketa ere egin du marrazkilariak: «Susmoa dut kontu hau ez dela soilik karikaturen ingurukoa; kazetaritzari eta iritziari eragiten dio, oro har. Bizi garen mundu honetan, aldra moralistak sare sozialetan biltzen dira, eta ekaitz baten moduan altxatzen dira. Hedabideetako erredakzioetan egundoko kolpeak eragiten dituzte».

«Urtebeteko eztabaida»

The New York Times-eko editorialaren editorearen arabera, karikaturei uko egiteak beste planteamendu batzuk ekarriko dizkio hedabideari: «Iritzi kazetaritzaren formetan inbertitzen jarraitu nahi dugu. Tartean izango da, halaber, kazetaritza bisuala, aniztasunaren ikuspegitik ñabardurak, ahotsak eta errealitatearen konplexutasun osoa adierazteko». Benneten arabera, karikaturak kentzeko erabakia ez da bat-batean iritsi: «Urtebete baino gehiago pasatu dugu eztabaidatzen gaiaz, eta eguneroko karikatura politikoak nazioarteko edizioan ez ateratzea erabaki dugu, edizio nazionalarekin bat eginez. Uztailaren 1etik aurrera egingo dugu hori». Egunkariak iragarri du asmoa duela kolaborazioak egiteko Patrick Chappatterekin eta Heng Kim Songekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.