Erraldoiak are erraldoiago

Frantziako Banijay taldeak Endemol Shine Group erosi du, eta 200 ekoiztetxe kontrolatuko ditu

Black Mirror-en azken denboraldiko fotograma bat. Telesaila Banijay taldearen esku geldituko da. NETFLIX / EFE.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Egin duen erosketa berriari esker, Frantziako Banijay taldeak berrehun ekoiztetxe baino gehiago kontrolatuko ditu munduko 23 herrialdetan (Europan, Amerikan eta Ozeanian). Ikus-entzunezko sektoreko erraldoietako bat zen lehen, eta erraldoiago izango da orain Endemol Shine Group konpainia erosi eta gero. Horretarako, 2.500 milioi euro inguruko inbertsioa egin du Banijayk.

Marco Bassetti Banijayko zuzendari eragileak honako hau esan du egindako erosketaz: «Endemol Shinek industriako sekulako talentu sorta emango digu, nazioartean ospea duten markak eta kalitate handiko edukiak. Bi enpresetako baliabideak batuta,, merkatu globalean dugun tokia indartzen ari gara. Eta edozein generotan dauzkagun ahalmenek lehen mailako eduki originaleko munduko ekoiztetxe nagusia bilakatzea ekarriko dute». Bassetti Endemol Italiako presidentea izan zen 1997tik 2004ra.

Kontuan hartu behar da Endemol Shine Group konpainian daudela sartuta Europako, Ipar Amerikako eta Ozeaniako hainbat ekoiztetxe, eta haienak dira munduan arrakasta duten formatu ugari. Tartean dira Euskal Herrian ikusle ugari biltzen dituzten saio batzuk: Masterchef, Gran Hermano, Survivor, Star Academy, Operación Triunfo, The Voice eta abar. Netflix plataforman ikusgai dauden Black Mirror eta Peaky Blinders telesailak ere Endemol Shine Group taldearenak dira.

Endemol konpainiak Amsterdamen du egoitza nagusia. Banijayren erosketaren aurretik, akzioen erdiak Walt Disneyrenak ziren, eta beste erdiak Apollo Global Management AEBetako inbertsio funtsarenak (Espainiako hainbat bankutan ditu akzioak).

Vivendi eta Mediaset

Banijayren akzioei dagokienez, bi heren LHD holdingarenak dira, eta beste herena Vivendi taldearena. LHDko akzioen %52 Banijay taldea sortu zuen Stephane Courbit enpresariaren esku daude; akzioen beste %36 De Agostini talde italiarrarenak dira; eta %12, Fimalac inbertsio konpainiarenak—Marc Ladreit de Lacharriere enpresaria da jabea—.

Vivendi taldeak, bestalde, indar handia du Frantzian —bereak dira Canal+ ordainpeko katea eta Dailymotion bideoen ataria, besteak beste—. Era berean, Europako beste talde batzuetan akzioak ditu. Mediaset España taldearen akzioen %30 kontrolatzen ditu, eta Mediaset Italiaren %28,8. MediaForEurope izeneko taldea sortzeko pausoak eman dituzte Mediaset Españak eta Mediaset Italiak, baina Vivendik epaitegietara jo du bategitearen aurka. Frantziako taldearen iritziz, bategite horrek Silvio Berlusconiren familiako Fininvest enpresari egiten dio mesede, eta, bestalde, uste du bat egiteak ez dizkiola bermatuko akziodun gisa dituen eskubideak.

Vivendik parte hartzen duen talde indartsu batek —Banijay— ekoitziko ditu hemendik aurrera Mediaseteko kateetan ematen dituzten telebista saio arrakastatsu asko eta asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.