BERRIAk podcast feminista bat egingo du hamabostean behin

Bihar estreinatuko dute podcasta, 'Berria FM' izenarekin. Umorezko atal bat ere izango du

Maider Galardi kazetariak aurkeztu eta zuzenduko du Berria FM izeneko podcasta. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

Kirmen Uribe idazlearena izan zen BERRIAren lehen podcasta, Ane Irazabal kazetariarena iritsi zen gero, eta gaurtik aurrera Berria FM podcast feminista izango da entzungai. Maider Galardi kazetariak zuzendu eta aurkeztuko du podcasta, eta feminismoarekin lotutako askotariko gaiak landuko ditu, bi astean behin, asteazkenez. Webgunean ez ezik, Ivoox, Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts plataformetan entzun ahalko da. 10:00etatik aurrera egongo da eskuragarri.

BERRIAko Andoaingo erredakzioan sortu zen podcast feminista bat egiteko ideia. Galardik azaldu duenez, egunkariaren gogoeta prozesuaren erdian hasi ziren gaia plazaratzen: «Konturatu ginen multimedia formatu desberdinei eman behar geniela lekua, eta, bestalde, BERRIAk esplizituki feminista izan behar zuela. Talde txiki bat elkartu ginen. Etxeak bazuen gogoa horrelako formatu bat sortzeko, eta denen artean osatu dugu». Podcastaren gai zentralari buruzko ilustrazio bat egingo du bi astean behin Araiz Mesanzak.

Galardik feminismoarekin lotutako makina bat gai landu izan ditu BERRIAn eta Klitto atarian. Horrez gain, bere doktore tesian euskal gatazka ikuspegi feminista batetik ari da ikertzen. «Ikuspegi feministatik hainbat gai lantzea interesatzen zaidanez, gustura hartu dut erronka», esan du Galardik.

Podcastaren atal bakoitzak 25-30 minutu inguruan iraungo du. Lehenbizi, sarrera bat egingo dute gai nagusia kokatzeko. Elkarrizketa edo mahai inguru nagusia etorriko da gero. Jarraian, umorezko atal bat iritsiko da.

Ramoni eta Lohitzune

BERRIA telebistaren Korriklika saiorako, Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek Ramoni eta Lohitzune pertsonaiak sortu zituzten udaberrian. Korrikarekin lotutako esketxak egin zituzten orduan, eta, orain, feminismoaren bueltan arituko dira umorea egiten. «Ironia» erabiliko dutela iragarri dute.

Umorezko tartearen ostean, beste elkarrizketa labur bat egingo dute. «Eta, amaitzeko, BERRIAko kazetari baten analisia izango da entzungai», iragarri du Galardik. «Egunkariaren produktu berri bat da, eta kazetari feminista guztiei egin nahi diegu lekua».

Estreinako atalean, Josebe Iturrioz elkarrizketatuko du Galardik. Hilaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da, eta gai horri helduko diote. Maite Asensio BERRIAko kazetariak, berriz, gaiaz igandean argitaratuko den erreportaje luzearen aurrerapena egingo du.

Podcastaren gidariak iragarri du elkarrizketak mamiz beteta egongo direla. «Aldi berean, saiatuko gara pedagogikoak eta ulerterrazak izaten. Gertuko tonu batean arituko gara; saiatuko gara giro gozo bat sortzen elkarrizketan gauden bion artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.