Tonu «lizuneko» komedia bat

A Film To Kill For ekoiztetxeak gazteentzako 'Bizi-Txarra' websaila grabatuko du abenduan

Ane Lindane aktoreak KTM pertsonaia interpretatuko du Bizi-Txarra websail berrian. A FILM TO KILL FOR.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Otsoen lurraldean eta Zure txanda da sortu, ekoitzi eta zuzendu eta gero, Rose of Dollsek eta Oliver Mendek euskarazko beste websail bat jarri dute martxan: Bizi-Txarra. Aktore protagonistak lotuak dituzte, baina duela egun batzuk hautaprobak egin zituzten bigarren mailako pertsonaietarako. Rose of Dolls lanaren ekoizleak iragarri duenez, abenduan grabatuko dute websaila, eta datorren urtean estreinatuko dute Bilboko Seriesland jaialdian.

A Film To Kill For Bizkaiko ekoiztetxeko arduradunek iragarri dutenez, estereotipoez barre egiten duen komedia «garratza» eta «kritikoa» izango da Bizi-Txarra. «Istorioan, emakumeek kontrola eskuratuko dute; gizonezkoei modu tradizionalean egotzitako roletan emakumezko pertsonaiak aurkeztuko ditugu». Tonu «lizuna» izango duela iradoki du Rose of Dollsek.

Hiru pertsonaia protagonistak H2, KTM eta Alpha dira: H2 taldeko liderra da, hiruretatik adimenik handiena duena, baina batzuetan zoro moduan gona arteko korapiloetan sartuta amaitzen du; HTM taldeko txori galdua da: arduragabea, barregarria, eta beti ideia handiak ditu korapiloetatik irteteko; Alphak taldeko maltzurrena dirudi, baina borrokan sartzeko prest egon ohi da bere lagunak salbatzeko. Izaeraz urduria eta ezkorra da Alpha.

Websailaren trametan azalduko dira, halaber, Cabrio pertsonaia transgeneroa, Sor Maluz Poloniako moja (hiriko underground borroken kontrola bere esku du), Lambor eta Ghiny droga mendekotasunaren errehabilitaziotik ateratzen ari den iruzurgile bikotea, Dodge higiezinen espekulatzailea, Mad Martintxo eroetxetik atera berri den psikopata arriskutsua eta Wiessman Martintxoren auto gidaria.

H2, KTM eta Alpha hirukoteak diru asko zor dio Dodge espekulatzaileari. Hiru emakumeek ondorioztatuko duteirtenbide bakarra dagoela: Dodgeri dirua lapurtzea eta diru horrekin hari ordaintzea. Baina haien bidea ez da batere erraza izango.

Rose of Dollsek aktore lanak ere bete ohi ditu ekoitzitako websailetan, eta Bizi-Txarra-n Chevy mihi gaiztoko kontulariarena egingo du. Dodge gaiztoarentzat egiten du lan Chevyk. Dodgek gertu izango du, halaber, Mustang andre misteriotsua.

Websailaren lehen denboraldiak hamar minutuko hamar atal izango ditu. Bilbo ilun bat irudikatuko dute. «Gure ideia da Euskal Herriko irudi bat erakustea, tradizioaren eta aro modernoaren artekoa». Industria eremu bat azalduko da trametan, «ahulduta eta grisa». Horrela, «herdoildutako» eta «kalezulo arriskutsuz» betetako Bilbo azalduko da fikzioan.

Ekoizpena LGTBIQ+ komunitatea ikusarazten eta babesten saiatuko da. Komunitate horrekin lotura duten elkarteekin eta kolektiboekin laguntza gehigarria izatea espero dute sortzaileek. «Gure gizartean diskriminatuta dauden taldeak ere egongo dira, hala nola, etorkinak», esan du Rose of Dollsek.

A Film To Kill For ekoiztetxea Otsoen lurraldean websail sarituaren hirugarren denboraldia ere prestatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.