Haur minbiziari aurre egiteko

Gaur amaituko da EITBren elkartasun maratoia. 'Lau teilatu' kantaren 1.100 bertsio jaso dituzte

Ahotsak abesbatza lehiaketako aurkezleek eta finalistek Lau teilatu abestia kantatu dute, beste talde askok bezala. EITB.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Haurren minbiziaren ikerketara bideratu du aurten EITBk elkartasun maratoia. Azkeneko asteetan dohaintzak jasotzen aritu dira, eta gaur dute azken eguna: elkartasun maratoiaren egun handia. Ehun pertsona esanguratsuk baino gehiagok hartuko diete telefonoa dohaintzak egin nahi dituzten herritarrei —zenbakia 902- 54 25 25 da —. Halaber, EITBren webgunearen bidez eman daiteke dirua. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan du dohaintzen marka guztiak hautsi nahi dituztela.

EITBko hedabideetan programazio berezia prestatu dute gaurko, 20. elkartasun maratoia dela-eta. Dei gunearekin konexioak egingo dituzte egun osoan. Eta gauean zuzeneko saio bereziak egingo dituzte.

ETB1eko Gure kasa saioa berezia izango da: 22:20tik 00:20ra iraungo du eta Euskadi Irratian ere emango dute. Gonbidatuen artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta minbizia duten haur batzuen gurasoak egongo dira. Kolaboratzaileek haur minbiziarekin lotutako istorioak kontatuko dituzte. Programa horren aurretik, Ur handitan saioan —gaur, 21:20an—, Donostia Ospitaleko haur onkologiako solairuko neska-mutikoen bizitzetan murgilduko dira.

ETB2n, 22:30ean, gala berezi bat aurkeztuko dute Ion Aramendik —TVEk fitxatu berri du lehiaketa bat aurkezteko—, Africa Baetak eta Humberto Gutierrezek—Radio Euskadik ere emitituko du—. Besteak beste, Zea Mays, Gontzal Mendibil, El Consorcio, Sonakay eta Doctor Deseo taldeen emanaldiak izango dira. Minbizia duten haur batzuen lekukotzak jasoko dituzte, eta elkarteetako ordezkariekin eta gurasoekin hitz egingo dute.

'Lau teilatu'-ren bertsioak

Aurten EITBk deialdi bat egin du herritarrek edo taldeek Itoitzen Lau teilatu kantaren bideoak bidal ditzaten, EITB Maratoiarekin bat egin eta haur minbiziaren ikerketaren alde dirua biltzeko zein garrantzitsua den ohartarazteko. 1.100 bideo baino gehiago jaso ditu EITBk. Gaur bukatuko da bideoak jasotzeko epea. ETB4 kateak goizean goiz hasi eta gauerdira arte Lau teilatu-ren bertsioak emango ditu, etenik gabe. ETB1en eta ETB2ngaueko saioak bukatzean emango dituzte kantaren bertsioak —euskarazko katean 01:25ean, eta, gaztelaniazkoan, 00:45ean—.

Bestelako ekitaldiak ere antolatu ditu aurten EITBk kanpainarekin bat egiteko: enkante solidario bat, Gastroshow bat, pintxo solidarioak, Guggenheim museoari besarkada, spinning jai erraldoia eta Ahotsak saioko finalaren topaketa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bitartez, zenbait ikastetxetan tailerrak egin dituzte eta material didaktikoa landu dute.

EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean aitortu zuen iazko elkartasun maratoian jasotako 146.410 euro kanpaina ordaintzeko gastatu zituela talde publikoak. Orotara, 433.803 jaso zituen iaz EITBk, iktusaren aurkako kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.