Hiru plataforma berri sartuko dira lehiara datozen hilabeteetan

Peacock plataforma jarriko dute martxan uztailean, eta 'The Office' telesaila kenduko dio Netflixi

Kate del Castillo aktorea Peacock plataformaren Armas de mujer telesail berrian arituko da. ARMANDO ARORIZO / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko plataformen lehian agente berriak iritsiko dira datozen hilabeteetan: apirilean Quibi helduko da; maiatzean, HBO Max; eta uztailean, Peacock. Netflixekin eta Amazon Prime Videorekin lehiatuko dira, baita udazkenean jaio ziren Apple TV Plusekin eta Disney Plusekin ere. Burbuilaz mintzo dira asko sektorean, eta ez da gutxiagorako; iaz,inoiz baino telesail berri gehiago sortu zituzten AEBetan: 532. Aurreko urtearekin alderatuz, %7 gehiago. Eta 2018. urtea zen orain arteko marka zuena. Litekeena da aurten kopurua handiagoa izatea.

NBC Universal Media komunikazio taldeak egunotan eman ditu bere streaming plataformaren inguruko xehetasunak. Hiru harpidetza mota izango ditu: bat doakoa, iragarkiekin eta programazio mugatuarekin; beste bat hilean 4,5 eurokoa, iragarki gutxiagorekin eta eduki gehiagorekin; eta premium harpidetza, hilean 9 eurokoa, 600 film baino gehiagoko eta 400 telesaileko katalogoa izango duena.

Peacockek askotariko telesailak ekoitziko ditu: Sam Esmailek —Mr. Robot-en sortzaileak—Battlestar Galactica zientzia fikziozko klasikoaren bertsio berri bat egingo du. Saved by the Bell nerabeen komedia —1990eko hamarkadaren hasierakoa— ere berreskuratuko dute, eta aktoreen artean Elizabeth Berkley eta Mario Lopez egongo dira. Gaztelaniaz ere ekoitziko dituzte telesailak: adibidez, Armas de mujer egingo du La reina del sur-en lantaldeak. Kate del Castillo aktorea izango da protagonista.

Beste plataforma batzuetako katalogoetan dauden telesailak lortu ditu dagoeneko Peacockek:esate baterako, The Office telesaila Netflixen dago orain, eta uztailaren 15etik aurrera NBCren plataforman egongo da. Parks and Recreation izango da plataforman ikusi ahalko den beste telesail bat. Telemundo telebista katea NBCrena da, eta, horri esker, kate horren hainbat eduki Peacockera iritsiko dira.

Formatu laburrak Quibin

Quibi plataforma, bestalde, apirilaren 6an iritsiko da AEBetako merkatura. Hurrengo hilabeteetan, beste herrialde batzuetan zabalduko dute. Bereziki sakelako telefonoetan ikusteko eduki multimediak eskainiko ditu. Harpidetzak 4,5 eurokoa —iragarkiekin— eta 7,2 eurokoa —iragarkirik gabe— izango dira. Jeffrey Katzenberg eta Meg Whitman dira plataformaren sortzaileak. «Zinemagintzako narrazioaren hirugarren belaunaldia iritsiko da, pantailan istorioak kontatzeko modu berri bat», iragarri du Katzenbergek. Horretarako, Steven Spielberg, Sam Raimi eta Guillermo del Toro zinemagileen laguntza izango dute.

HBO Max da streaming-aren lehian sartuko den beste plataforma bat. Warner Mediaren eta HBO katearen eduki guztiak barneratuko dira bertan. Telesail berriak ere ari dira ekoizten, tartean Denis Villeneuveren Dune: The Sisterhood.Aquaman filmaren animaziozko saio bat egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.