Hamaikak lerro berri bat zabalduko du, protagonistak eta tokiak lotuz

'Unai Romano Zilbetiko pagadian' erreportajea emango du telebista kate horrek bihar, 22:30ean

Unai Romano Zilbetiko pagadian erreportajeko fotograma bat. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko historiako gertaeren protagonista izan direnak paraje edo toki esanguratsuekin lotuz, emankizun lerro bat zabalduko du Hamaika telebistak. «Pisuzko lekukotzak izango dira guztiak», iragarri du Ekhi Atorrasagasti Hamaikako kazetariak. Estreinaldia bihar egingo dute, 22:30ean, Unai Romano Zilbetiko pagadian erreportajearekin. Hain justu, torturaren aurkako munduko egunean emango dute saio hori.

Galdutako objektuak dokumental proiektuaren egileek ekoitzi dute Unai Romano Zilbetiko pagadian. Izan ere, Mikel Zabalzaren kasua argitzeko abian jarritako proiektu bat da hori, eta hainbat urtez grabatutako materiala berreskuratzen aritu dira. Zabalzaren gaineko lana datozen hilabeteetan estreinatuko dutela espero da.

Guardia Zibilak 2001eko irailaren 6tik 11ra izan zuen bakartua Romano. Egin zizkioten torturen eraginez, ospitalera eraman behar izan zuten. «Argazki beldurgarri baten protagonista da Romano. Baina ez da bakarra, asko izan baitira argazki hori atera gabe inkomunikatuta muturreko egoeran izan dituzten euskal herritarrak», azaldu du Atorrasagastik. Romanoren lekukotza du oinarri bihar estreinatuko duten saioak.

Hamaikak azaldu duenez, protagonisten eta tokien lerroak ez du emisio egun zehatzik izango, eta ez dira guztiak torturarekin lotuak izango.

Zaldibarko luizia gaur

Hamaika telebista gertutik ari da erreparatzen Euskal Herriko aktualitateari; gaur, Kolpez kolpe saioan, Zaldibarko (Bizkaia) luiziaren inguruan arituko dira luze eta zabal, 22:00etan. Saioko lantalde bat Zaldibarren izan da. «Bertatik bertara ikusi eta jaso dugu bertan dauden bizilagunen egoeraren lekukotza», esan du Atorrasagastik. «Eitzaga auzoan ibili gara, sutetik gertu, bertan bizitzen ari direna ezagutzeko». Atorrasagasti bera Kolpez kolpe-ko platoan egongo da gaur, luizia gertatu den inguruetako bizilagunen egoera zein den azaltzeko. «Eibarko unibertsitateko [Gipuzkoa] ikasleekin eta irakasleekin ere egon gara, eta kezkatuta ikusi ditugu».

Naroa Iturrik aurkezten duen saioan, halaber, Zaldibarko ezbeharraz galdetuko diete Tessa Andonegi eta Itsaso Lekuona solaskideei.

Amaia Ereñaga kazetariak, bestalde, Mari Luz Estebanidazlea elkarrizketatuko duKolpez kolpe-n, Andrezaharraren manifestua liburuaren inguruan.

'Mugak hautsiz' film laburra

Fikzioari ere egingo dio tartea aste honetan Hamaikak: ostiralean, 22:00etan, Mugak hautsiz film laburra estreinatuko du. Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko muga da lan horren ardatza. Larunbatean, berriz, Kanalduderen Tantaka telesailaren lehen lau atalak emango ditu Hamaikak, 22:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.