Michael Robinson: «Ona, hobea, hoberena»

Movistar Plusek Michael Robinsonen bizitzari buruzko erreportaje bat estreinatuko du gaur. 'Informe Robinson' saioa amaituko da horrela

Michael Robinson, bere bizitzari buruz gaur estreinatuko duten erreportajearen irudi batean. MOVISTAR.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Good, better, best...». «Ona, hobea, hoberena. Ez dut atsedenik hartuko nire ona hobea izan arte, eta nire hobea den hori hoberena izan arte». Michael Robinson futbolari eta komunikatzailearen hitzak haren ahotsean entzuten dira haren bizitza laburbiltzen duen erreportajean. Ez da erreportaje laburra: futbol partida baten denborakoa da, 90 minutukoa. Movistar Plus plataformako Vamos kateak estreinatuko du, gaur, 22:00etan. Hori izango da, gainera, Informe Robinson saioaren azkenekoa —hamahiru urteko bidea egin du kirol programak—. Robinson apirilaren 28an zendu zen, gaitz larri baten eraginez. Eta haren lankideek omenaldi berezia egin diote. Lantalde berak Informe+ saioa egingo du aurrerantzean, Informe Robinson-en lekukoa hartuta.

Robinson Osasunako jokalaria izan zen 1987tik 1989ra. Lesio baten ondorioz, Iruñean hartu zuen erretiroa futbolean, 30 urte zituela. Handik gutxira, telebistan hasi zen lanean, eta ibilbide luzea egin zuen komunikazioaren alorrean.

Canal Plus katean aritu zen, El día después saioan, eta saio horrek eragin handia izan zuen futbolarekin lotutako telebistagintzan. Alex Martinez Movistar Pluseko eduki arduradunaren arabera, Robinsonen bizitzako «une kritikoetako bat» El día después saioaren bukaera izan zen. «Baina hor jaio zen Informe Robinson programa. Saio hori gu garenaren erakusleihoa izan da: emozioa, kalitatea, konpromisoa...».

Juan Andres Garcia Ropero Movistar Pluseko Kirol zuzendariaren iritziz, Robinsonen begirada «errepikaezina» da: «Estreinatuko dugun erreportajean Michaelen izaera dago, baita agur esateko moduan ere. Komunikazioaz zuen ikuspegia jasotzen da». Hil baino aste gutxi lehenago, Informe Robinson-eko lantaldeak elkarrizketa luze bat grabatu zuen Leicesterren (Ingalaterra) jaiotako futbolariarekin. Luis Fermoso Informe Robinson-eko zuzendariordeak beste hau gaineratu du: «Michael da gure estilo liburua, eta modu horretan jarraitu nahi dugu istorioak kontatzen». Gogoratu du Osasunako jokalari ohiak «emozio handiz» komunikatzen zuela.

Gaur estreinatuko duten erreportajean, Liam eta Aimee Robinson azalduko dira, komunikatzailearen seme-alabak. «Erreportaje hau egitean, gorabeherak egon dira: barreak eta negarrak. Azkeneko elkarrizketaren grabaketa oso berezia izan zen», aitortu du Liam Robinsonek. Raul Roman Informe Robinson-eko erredaktoreak, ildo beretik, hala adierazi du: «Barneko gauza asko mugitu zaizkigu erreportajea egiten». Liam semeak nabarmendu du «kontu kontaria» zuela aita: «Futbola utzi zuenean, istorioak kontatzeko bidea aurkitu zuen kazetaritzan». Hala aritu zen, apirilean hil zen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.