Arrautza atzean uzteko oholtza bat

'Oskola' web telebista saioak hain ezagunak ez diren Gasteizko lau musika talderi emanen die ahotsa

Irune Goñi bakarlari gasteiztarra kantatzen, oraindik eman ez duten Oskola-ren web saio batean. OSKOLA.
Iker Tubia.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun

Oskola hautsi eta mundura ateratzea da obiparoek mundua zapaltzeko egin behar dutena. Ezkututik ageriko izaterako bide hori da Oskola web telebista saioak eskaini nahi duena: estaltzen dituen oskola hautsi, eta oholtzara igo nahi ditu ezagunak ez diren musikariak. Urko Saenz de Buruagak zuzentzen duen elkarrizketa saio bat da Oskola, eta, solasaldiaz gainera, gonbidatuek hiru kanta eskaintzen dituzte. Lehenbiziko saioa joan den astean estreinatu zuten Youtuben, eta beste hiru saio sareratuko dituzte urtea bukatu aurretik.

 

Beitia kantautore gasteiztarra izan da lehenbiziko gonbidatua, eta ordu erdiko saioa Interneten ikus daiteke bit.ly/oskola-beitia helbidean sartuta. Saenz de Buruagak elkarrizketa pertsonala egin dio lehenbiziko saioan, eta Sugarretan, Badakit eta Izaro kantak eskaini ditu Bittor akordeoilaria lagun. Ondoren etorriko dira Irune Goñi bakarlaria, Ziakhus rap abeslaria eta Red Iron Squad rock taldea.

Proiektua Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatzen duten Gazte Sortzaileak bekari esker egin du Saenz de Buruagak, eta 2019an grabatu ziren saioak Zabalganako gizarte etxean. Lehenbiziko lau saioek harrera ona badute, gehiago egiteko asmoa azaldu du proiektuaren bultzatzaile eta aurkezleak. Lehenbiziko saioetan gasteiztarrak agertuko badira ere, saioarekin aurrera egiteko aukerarik balu, Euskal Herri osoko musikariak eraman nahiko lituzke kamera aurrera. Are, ez lirateke taldeak edo bakarlariak izan beharko, musikaren inguruan lan egiten duen edozeinek izanen luke tokia Oskola-n.

Saioa erruten

Pandemiak jo duela eta, oholtza faltan dabiltza musikariak azken boladan, eta hasi berri diren taldeek falta are handiagoa sumatzen dute. Pandemiaren aurrekoa da ideia, baina: ezagunak ez diren musikari euskaldunak ikusaraztea. Alor horretan hutsune bat zegoela iruditzen zitzaion Saenz de Buruagari, eta horregatik pentsatu zuen proiektua aurkeztea: «Taldeak sakonean ezagutzeko aukera ematen duten saiorik ez zegoen, eta egin direnean talde ezagunei edo dinosauroei ematen diete aukera. Talde interesgarriak ezagutzera ematen zituzten saioen falta sumatzen nuen, bai musikari gisa eta baita entzule gisa ere». Hortik tiraka hasi zen Oskola-ri forma ematen.

Aukera bat ematea du helburu web telebista saioak, bidea zaila izaten baita ezagunak ez diren musikarientzat: «Askotan, lehentasuna du saltzeak edo audientzia jakin bat izateak: noski, jende gehiagok ikusiko du Berri Txarraken moduko talde bat aterata inork ezagutzen ez duen Barakaldoko talde bat gonbidatuta baino», azaldu du saioaren aurkezleak. «Baina haiek dira laguntza gehien behar dutenak. Hasieran, oso zaila da ibiltzen hastea».

Saenz de Buruagarekin batera ari dira Mikel Ezkerro argazki zuzendaria eta errealizadorea, Josu Campo kameraria eta Eder Herreros soinu teknikaria.

Elkarrizketa saioetako solasaldietan gonbidatutako musikarien ibilbidearen eta lanaren nondik norakoak xehe aletzen dituzte. Elkarrizketak euskaraz badira ere, gaztelaniazko azpidatziak paratzea erabaki dute, «jende gehiagorengana iristeko». Proiektuaren sortzaileak uste du azpidatziak lagungarri izan daitezkeela euskara ulertzen ez duten edo euskara ikasten ari direnentzat gaztelania baldin badakite. Horixe baita saioaren helburua: arrautza atzean uzten duten musikari horien doinuak ahalik eta urrunena ailegatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.