'Altsasu'-k lau aldiz ikusle gehiago izan du TV3en ETB1en baino

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4,6ko kuota izan du batez beste;. Katalunian, %18,7ko kuota

Altsasu telesailak ikusle datu bikainak lortu ditu Katalunian: 482.000 lagunek ikusi dute, batez beste. BALEUKO.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Oihartzun handia eta ikusle datu bikainak izan ditu Altsasu telesailak Katalunian: lau ataleko fikzioak batez beste %18,7ko ikusle kuota bereganatu du TV3 katean —katalanera bikoiztuta eman dute—. 482.000 ikus-entzulek ikusi dute telesaila astelehen gauetan. Astelehenean eman zuten Altsasuko (Nafarroa) gazteen auziaren inguruko telesailaren azkeneko atala. Estreinako atalak %22,7ko kuota lortu zuen, eta nahiz eta hurrengo hiru atalak %20tik jaitsi diren, TV3eko ikus-entzuleek fidel ikusi dute Baleuko ekoiztetxeak egindako lana. ETBren eta TV3en artean ekoitzi dute Altsasu: abenduan estreinatu zuen ETB1ek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,6ko ikusle kuota izan zuen batez beste. Halako lau izan da TV3en lortutako batez besteko ehunekoa.

Kataluniako telebista publikoko zuzendaritza oso pozik dago Altsasu-k bereganatu dituen emaitzekin. Hala baieztatu du Oriol Sala-Patauk, TV3eko Fikzio eta Zinema arduradunak: «Pentsatzen genuen ondo joan zitekeela, baina hain-hain ondo... Harrituta gaude, onerako». Nahiz eta aurreneko ataleko kolpearen ostean ikusle kuotak behera egin zuen, TV3eko arduradunak azaldu du jaitsiera txikia izan dela, beste ekoizpen batzuekin alderatuta.

Sala-Patauren arabera, katalanezko telesailek, oro har, %13ko ikusle kuota izaten dute TV3en. Salbuespenak badaude: Merli: Sapere aude telesailak %16ko ikusle kuota lortu zuen joan den udazkenean —Movistar Plusen izan zen estreinaldia—. Eta hortik gora ibili da Altsasu.

TV3eko Fikzio eta Zinema arduradunaren iritziz, Altsasu-k Shakespeareren literaturako osagaiak ditu. «Baina benetan gertatu den zerbait izan da, errealitate oso gogorra». Alde horretatik, uste du Kataluniako beste gertakari batzuekin alderatu daitekeela: «Katalunian egoera bidegabeak gertatu dira: politikariak kartzelan eta erbestean, abeslariak erbestean, umoristak epaitegietan, eta manifestariak atxilotuak eta zigorraren zain. Zauriak hor daude. Altsasuko gertaera bidegabe eta gogorrek lotura dute katalanen historia hurbilarekin».

Telesailaren harrera onaz gain, bada beste datu bat: TV3ek Altsasu: ferides obertes (zauri irekiak) erreportajea estreinatu zuen 2019ko urtarrilean, eta %22,8ko ikusle kuota bereganatu zuen.

TV3eko ordezkariak nabarmendu du harreman «bikaina» duela Euskal Telebistako arduradunekin: «Primerakoa izan da Altsasu telesailean bi telebistek bat egin ahal izatea, eta espero dut etorkizunean horrelako koprodukzio gehiago egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.