Swati Chaturvedi indiarra saritu dute Mugarik Gabeko Kazetariek

BJP alderdiaren sare sozialetako «troll armada» agerian uzteagatik eman diote adorearen saria
Swati Chaturvedi kazetariak BJP alderdiko «trollen armada» ikertu zuen liburu batean.
Swati Chaturvedi kazetariak BJP alderdiko «trollen armada» ikertu zuen liburu batean. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko azaroak 9
Mugarik Gabeko Kazetariek prentsa askatasunaren sariak eman ohi dituzte urtero, eta The Prize for Courage saria (adorearen saria) Indiako Swati Chaturvedi kazetariari eman diote. I am a Troll: Inside the Secret World of the BJP's Digital Army liburuan, kazetariak Indiako Bharatiya Janata Party alderdiaren «armada digitala» aztertu zuen, eta agerian utzi zuen sare sozialetako trollen bidez gorrotoa nola zabaldu izan duten. Chaturvedik hainbat egunkaritan egin du lan, eta New Delhi Television Limited telebistarako aritzen da iritzi emaile. Internet bidezko hainbat eraso kanpaina jasan ditu liburuaren eraginez.

Atzo gauean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, Londresen, eta Lindsey Hilsum Channel 4 kateko kazetariak aurkeztu zuen. Bertan, The Prize for Impact (inpaktuaren saria) saria Matthew Caruana Galizia kazetari eta software ingeniariari eman zioten. ICIJ kazetaritza partzuergoan bost urtez egin zuen lan, eta bertan, datuen eta ikerketen unitatea sortu zuen. Sarituaren ama, Daphne Caruana Galizia, iazko urrian hil zuten bonba itsatsi batekin, Maltako iparraldean —Maltako Gobernuko agintarien eta oposizioko politikarien ustelkeria auziak ikertzen eta azaleratzen aritu zen hil aurretik—. Epaimahaiaren arabera, semea azkeneko hilabeteetan «gogor» aritu da lanean, Caruana Galiziaren hilketa argitu eta «justizia» egin dadin.

The Prize for Independence (independetziaren saria) Filipinetako Inday Espina-Varona kazetariari eman diote. Bere herrialdean prentsa askatasunaren defendatzaile sutsua da Espina-Varona; ABS-CBN telebistan urte luzez aritu eta gero, Bayan Mo i-Patrol webgunea sortu zuen, 2010ean, «kazetaritza herritarra» sustatzeko helburuarekin. Lan ugari plazaratu ditu haurren prostituzioaz, emakumeen aurkako indarkeriaz eta LGTB kolektiboko pertsonen eskubideez. Iazko ekainean, #BabaeAko kanpainako arduradunetako bat izan zen —Rodrigo Duterte presidentearen mezu misoginoei erantzuteko kanpaina digital bat izan zen, andreen eskubideen defentsan—.

Aurten, beste sari bat sortu dute: L'esprit de RSF (Mugarik Gabeko Kazetarien espirituaren saria). Sari horrekin, aitormena egin nahi diote «adore berezia, aparteko eragina edo presioen aurrean independentzia» erakutsi duen kazetari bati, komunikabide bati edo gobernuz kanpoko erakunde bati. Epaimahaiak Carole Cadwalladr kazetari britaniarrari eman dio aurrenekoz aipatutako saria. Kazetari horrek The Observer astekariarentzat idazten du, eta saria eman diote Cambridge Analytica enpresak bereganatu zituen Facebookeko milioika profilen auziaz idatzi zituen erreportajeengatik. Izan ere, kazetariaren ikerketaren arabera, milioika profil Donald Trumpen kanpainaren mesedetan erabili zituzten AEBetako hauteskundeetan. Brexit-aren aldeko kanpainan ere Facebookeko profilak erabili zituztela idatzi zuen Cadwalladrrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna