Euskararen aberastasuna zenbait bideotan azaleratuko du BERRIAk

Euskaraldiaren berri eman ez ezik, BERRIAk zenbait bideo berezi ere egingo ditu bihartik aurrera

Gaztealdian parte hartu dutenekin lau bideo sareratu ditu egunotan BERRIAk. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

Bihar hasiko da Euskaraldia, eta BERRIAk paperean eta webgunean askotariko edukiak plazaratuko ditu: kronikak, erreportajeak, elkarrizketak, analisiak... Euskaraldia ikuspegi desberdin batekin plazaratzen saiatuko da.

Berria telebistan, berriz, zenbait bideo berezi prestatu dituzte, eta bihartik aurrera ikusgai egongo dira. Duela bi urte, Euskaraldiko egunetan egindako bideorik arrakastatsuena euskarazko irainena izan zen: 7.750 ikustaldi inguru ditu, eta ikusgai dago.

[YouTube]https://youtu.be/ip128s15Y0I[/YouTube]

Aurten ez da, ustez, irain gogorrik entzungo, baina euskararen aberastasuna erakutsiko duten bestelako bideo batzuk egingo ditu BERRIAk. Euskara taldearen laguntzaz, euskarak dituen baliabide batzuk gaika erakutsiko dituzte. Estilo liburuan dauden gaikako hiztegi batzuk ari dira baliatzen bideoak osatzeko. Esate baterako, bideoetako bat haurren hizkerari buruzkoa izango da, adibide bitxiekin; beste bat onomatopeiekin osatuko dute; eta gazteen argotari buruzkoa izango da beste bideo bat. Duela bi urteko irainen bideoa ez zen ohikoa, modu originalean osatu zuten. Hala, aurten egingo dituzten bideoetan ere kontatzeko modu desberdinetan ahaleginduko dira Berria telebistan.

Halaber, azkeneko egunetan Berria telebistak Gaztealdian parte hartu duten gazteekin egin ditu lau bideo. Gaur sareratuko dute azkenekoa, eta bertan parte hartzaileek Gaztealdiko erronken esperientziaren berri eman dute.

Hamaikan, 'Txapela buruan'

Hamaika telebistak, berriz, bihartik aurrera egunero egingo dio tartea Euskaraldiari, albistegietan eta saioetan. Herritarren, eragile publikoen eta Euskaraldiarekin bat egin duten eragileen jardunaren berri emango dute eguerdiko magazinean, 14:00etako albistegian, eta, iluntzetan, Gakoak saioaren analisi tartean.

Baina Euskaraldiaren aurretik, Hamaika ahalegin berezia egiten ari da denboraldi honetan euskaraz ikasten ari diren herritarren lekukotzak jasotzen. Anabel Arraizak aurkezten du Txapela buruan, eta bertan euskaraz ikasten ari direnak elkarrizketatzen ditu. Webgune berrituak atal berezitua du saioari eskainia: hamaika.eus/bideo-saioak/txapela-buruan. Saioa asteazkenetan eta ostiraletan ematen du Hamaikak. Txapela buruan-en pilulak ere emango dituzte webean.

Datozen asteetan, Kolpez kolpe saioan tarte berezia egingo diote Euskaraldiari, genero ikuspegia landuz. Eta Artekale saioan, sorkuntza eta euskara uztartuko dute.

'Euskaraldian behin'

Komunikabideetako eskaintzaz gain, eragile askok egingo dute bat egunotan Euskaraldiarekin. Egunean behin jokoa, adibidez, eskualdez eskualdeko lehia bihurtuko dute datorren astean; Euskal Herriko 21 eskualde jarri dituzte aukeran. Eta Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenek Munduan alderrai taldean sartzeko aukera dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.