'Geuria', 'Guaixe', 'Karkara' eta Goierri Telebista saritu dituzte

Tokikom sarietan, herritarrek Orioko 'Karkara' aldizkariari eman dizkiote boto gehien

Tokikom sarien irabazleak, atzo, Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia parke teknologikoan. TOKIKOM.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Geuria, Guaixe eta Karkara aldizkariek eta Goierri Irrati-Telebistak jaso dituzte aurten Tokikom sariak. Atzo egin zuten sari banaketa Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia parke teknologikoan. Komunikazioaren arloko 100 lagun inguru batu ziren ekitaldira.

Edukirik onenaren saria Hego Uribeko (Bizkaia) Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Hilabetekariak hainbat uztarketa interesgarri egin zituen udako zenbaki berezian. «Batetik, gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezberdinak eta informazio iturri anitz ere uztartu ditu», esan du epaimahaiak. «Testuaren eta alde grafikoaren arteko oreka ere mimo handiz zainduta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa ere: infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak ez dira falta, ez eta paperezko edukia digitalarekin lotzeko QR kodeak».

Azalik onenaren saria Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkariaren Uda Sakanan lanarentzat izan da. «Alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala». Honako hau gaineratu du epaimahaiak: «Begi kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako kultur eta natura ondarea oso modu bisualean islatzen da».

Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goierri Irrati-Telebistak (Gipuzkoa) jaso du, Ateak itxi, leihoak ireki lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan «bikaina» egin du, COVID-19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, «orain hain urrun geratzen zaigun esperientzia kolektibo horren testigantza gordetzeko». Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta kontakizun zabala eskaintzen du, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz, estetika «oso zainduarekin» eta edukia, hitzen bidez ez ezik, irudiak erabiliz ere transmititzeko ahalegina eginez. «Gerora begira ere, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin dezaten nola bizi izan den itxialdia bertatik bertara», gaineratu du epaimahaiak.

Komunitatearen saria herritarrek erabaki dute, Internet bidezko bozketa egiteko galdetegibaten bitartez. Boto gehien lortu duen aukera, jasotako 373 botoen %25 eskuratuta, Bandera da Orion azala izan da, Karkara aldizkariak (Orio, Gipuzkoa) aurkeztutakoa.

Kazetaritza jardunaldi bat ere egin zuten Arrasaten. Erresuma Batuko tokiko hedabideen eta irrati-telebista publikoaren arteko elkarlanaz mintzatu zen BBCko Local News Partnership taldeko arduradun Matthew Barraclough. Lankidetza hiru arlotan dute bereziki: BBCk egindako bideoak partekatu, datuen kazetaritza eta datuekin lotutako edukien partekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.