Berlusconi pausoak ematen ari da Europako talde handi bat sortzeko

Italiako enpresari horrek eskaintza publiko bat egin du Mediaset Españaren akzio guztiak erosteko

Silvio Berlusconi enpresari eta politikaria, iazko abenduaren 23an. FABIO FRUSTACI / EFE.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconik eta haren familiak gero eta indar handiagoa dute telebistaren merkatuan, eta datozen hilabeteetan are handiagoa izango dute. Pier Silvio Berlusconi semeak berak aitortu du aspalditik buruan izan dutela Europako talde bat sortzea, eta, azkeneko egunetan, erabakiak hartzen ari dira bide horretan. Media For Europe Italiako konpainiak —lehen Mediaset zenak— erosketa eskaintza publiko bat egin du Mediaset Españaren akzio guztiak bereganatzeko —akzioen %44,31 falta zaizkio Berlusconi familiari den-denak bereak izateko—. Akzio bakoitzagatik 5,6 euro ordainduko lituzkete, eta erosketa osoaren prezioa 778,9 milioi ingurukoa izango dela argitaratu dute zenbait hedabidek. Lehendik Mediaset Españaren akzioen %56 zeuden Berlusconi familiaren esku.

Merkatuan jakina zen erosketa hori bazetorrela; asteartean, Milango Burtsak Media For Europeren kotizazioa behin-behinean gelditzea erabaki zuen horregatik. Eta Mediaset Españaren kotizazioa etenda zegoen astelehenetik, Madrilen.

Nazioarteko holding berriak Herbehereetan du egoitza nagusia. Handik kudeatuko dituzte Italiako eta Espainiako enpresak, baita Alemaniakoak ere. Aintzat hartu behar da azkeneko asteetan Media for Europek baimena eskatu duela Alemaniako Prosieben telebista katean akzio gehiago bereganatzeko. Kate pribatu horrek Alemanian ez ezik Italiako eskualde batzuetan, Luxenburgon, Austrian eta Suitzan ere emititzen du. Zenbait ekonomia hedabidek iragarri dute Berlusconiren konpainiak erosketa eskaintza publiko bat ere egingo duela Alemaniako katea osorik bereganatzeko.

Pier Silvio Berlusconik zera adierazi du: «Europako gure proiektua indartzen duen aktibitate oro berri ona izango da gure etorkizunerako». Media for Europeren nazioarteko garapena bidean dela iragarri du.

Iaz, irabazi handiak

Media for Europek esan du ez duela asmorik Mediaset Españan langilerik kaleratzeko, eta administrazio kontseilu independente batek kudeatuko duela. Europako beste enpresen arteko sinergiek mesede egingo liokete, bestalde, Mediaset Españari.

Espainiako bi talde handientzat, errentagarria da gaur-gaurkoz irekian emititzen den telebista: iaz, Mediaset Españak 181 milioi euroren irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %1,3 gehiago. Atresmedia da bigarren taldea, eta 118,5 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz. Telebista tradizionalaren kontsumoak beherantz egin zuen iaz, baina publizitatea %17 hazi zen Espainian.

Mediaset Españak zazpi telebista kate ditu: Tele5 —Hego Euskal Herrian gehien ikusten dena da, alde handiarekin—, Cuatro, Be Mad, FDF, Energy, Divinity eta Boing. Taldearen Interneteko plataforma Mitele da, eta eskaintzen duen katalogoa handitu ahalko dute Italiako eta Alemaniako konpainien bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.