Netflixek iaz baino %18,8 gehiago irabazi du azkeneko hiruhilekoan

Mundu osoan 6,8 milioi harpidedun berri lortu ditu plataformak, eta 158 milioi ditu orain

Netflix enpresaren Los Gatosko (Kalifornia, AEB) egoitzaren irudi bat. NETFLIX.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Uztailean eman zituen datuak zirela eta, hainbat adituk iragarri zuten Netflix plataformak beheranzko joera hasiko zuela. Urteko bigarren hiruhilekoan, datuak txarrak izan ziren, eta, aurreneko aldiz, harpidedunak galdu zituen AEBetan. Azkeneko hiruhilekoan, ordea, berriz ere goranzko joera hartu du plataformak: uztailetik irailera, 1.150 milioi euroren irabaziak izan ditu —iaz sasoi berean baino %18,8 gehiago—.

2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, 13.200 milioi euroren irabaziak izan ditu streaming bidezko plataformak, iaz baino %26,5 gehiago.

Harpidetza datuei dagokienez, nabaria da AEBetatik kanpo ari dela izaten gorakada: azkeneko hiruhilekoan, 517.000 harpidedun berri izan ditu AEBetan —iaz, 998.000 izan zituen—; eta munduko beste herrialdeetan, 6,3 milioi harpidedun berri lortu ditu—iaz, sasoi berean, 5,1 milioi egin zituen—. Une honetan, plataformak 158 milioi harpidedun baino gehiago ditu mundu osoan —kontuan hartu behar da zenbait erabiltzailek harpidetza bera dutela etxe batean baino gehiagotan—.

Asteazkenean eman zituen konpainiak azkeneko datuak. Ostegunean, Netflixen akzioak %9 igo ziren burtsan. Azkeneko hilabeteetako joera irauli da aste honetan; izan ere, bigarren hiruhilekoko datuak eman zituztenetik %22 jaitsi ziren akzioak. James Fattal Investing.com-eko analistaren arabera, merkatu globalean audientzia lortzeko lehian ez dago Netflixengana gerturatzen den beste enpresarik.

Azaroaren 1ean Apple TV+ eta azaroaren 12an Disney+ sartuko dira lehian. Egun batzuk lehenago, Netflixek indar erakustaldia egin du azken hiru hilabeteetako datuen bitartez. Bestetik, Indian duen hilean hiru euroko harpidetza eredua beste herrialde batzuetara zabaldu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.