Euskal Herriko ohar taula

'Iragarkilaburrak.eus' webgunearen bertsio berritua eskura egongo da asteartetik aurrera

Sakelako telefonoetan errazagoa izango da iragarkilaburrak.eus-en bertsio berritua erabiltzea. BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Kale-argietan itsatsitako iragarkiak, telefonoa idatzita duten zatiak hartzeko prest. Tabernetako ateetan edo hormetan jarritako oharrak. Fakultateetako iragarki tauletako eskari eta eskaintza uholdea. Okindegian edo dendan batak besteari egindako komentarioa. Aspaldi jantzi gabeko edota txiki geratutako arropen iragarkiz betetako webguneak. Bigarren eskuko materiala eskaintzen dutenak.

Hori guztia biltzeko, egiteko, eskaintzeko eta ikusteko aukera eskaintzen duen webgune bakarra dago Euskal Herrikoa eta euskarazkoa: iragarkilaburrak.eus, BERRIA Taldeak 2008an sortutakoa.

Webguneak hainbat aldaketa izan ditu urteotan, eta beste bat egin berri du, erabilgarritasuna hobetzeko eta erabiltzaile gehiago erakartzeko asmoz. Asteartetik aurrera egongo da ikusteko eta erabiltzeko moduan —webgunea bertan behera egongo da astelehenean, zaharretik berrira egokitzeko—.

Alde batetik, diseinua berritu dute; bestetik, erabilgarritasuna hobetu, sakelako telefonoei begira batez ere. Gaur egun, sakelako telefonoen bidez erabiltzen dute gehienek, eta haiek errazago erabili ahal izatea nahi dute. «Erabilera intuitiboagoa izango da, eta bilaketak errazago egin ahal izango dira», Lierni Ormazabal arduradunaren esanetan.

Horrez gain, sare sozialetan ere egongo da aurrerantzean, bai Facebooken, bai Instagramen (@iragarki_laburrak).

Zerbitzua, doan

Doako zerbitzua da iragarkilaburrak.eus. Hori bai, iragarkiak jartzeko erregistratu beharra dago. 8.000 erabiltzailek jarri dute gutxienez iragarkiren bat webgunea sortu zenetik, 2008tik. Iaz, 688 iragarki berri izan ziren. 42.200 lagunek erabili zuten zerbitzua, eta 316.000 orri ikusi zituzten.

Iragarkilaburrak.eus-en zabalkundean laguntzeko, bi iragarki prestatu ditu Hiru Damatxo kooperatibak. Asteartetik aurrera ikusi ahal izango dira BERRIAren webgunean (berria.eus) eta sare sozialetan.

Zerbitzua bereziki eraginkorra da, Ormazabalek nabarmendu duenez, euskara garrantzitsua den kasuetan. Profesional euskaldunak aurki daitezke bertan, edo profesional euskaldunak eskatu. Yoga irakasle euskaldun bat behar zuten, esaterako, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean. Iragarkia jarri zuten. Lau eskaintza jaso zituzten. Gero eta lan eskaintza gehiago daude zerbitzuan, eta lan eskaintzena eta eskariena da webguneko zerbitzurik arrakastatsuenetakoa.

Irailean, nabaritzen da ikasleak pisu bila aritzen direla. Hainbat iragarki jartzen dituzte, pisua partekatzeko ikasle euskaldunen bila.

Halako webguneetan ohikoa den moduan, gauzak saldu, erosi eta alokatu daitezke, besteak beste. Denetarik dago webgunean. Halako zerbitzuetan eskaintzen direnak: etxebizitzak, ibilgailuak, bizikletak, arropa, ume aulkiak, lan eskaintzak, lan eskariak... Galdutako edo aurkitutakoen abisuak ere ikus daitezke: animaliak, betaurrekoak... Eta badira beste inon aurkitzea zaila den eskaintzak ere: simaurra, baserriko harlauzak, jendea ezagutu nahi dutenak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.