Madrilek prozedura bat onartu du albiste faltsuei aurre egiteko

Kazetarien eta komunikabideen elkarteek kezkaz hartu dute Espainiako Gobernuaren plana

Carmen Calvo, Espainiako Gobernuko presidenteordea. MARISCAL / EFE.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Kazetarien eta komunikabideen elkarteetan ez du batere harrera onik izan Espainiako Gobernuak albiste faltsuak kontrolatzeko onartu duen planak. Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu du dagoeneko «desinformazioaren aurkako ekintza plana». Testu horren arabera, informazioa «monitorizatu» egingo du —berariaz zainduko du sistema batzuekin—; ondotik, desinformazio kanpaina bat dagoela atzemanez gero, «alerta goiztiar bat» ezarriko du. Kanpaina horren jatorria eta helburuak ikertuko lituzke gero.

Albiste faltsuen aurka aritzeko, batzorde bat osatuko du Espainiako Gobernuak. Horretan parte hartuko dute Espainiako Segurtasun Kontseiluak, Egoera Batzordeak, Estatu Komunikazioko Idazkaritzak, Desinformazioaren Aurkako Batzordeak eta beste erakunde publiko batzuek. Espainiako Gobernuak esan du zenbait komunikabideren laguntza eska dezakeela albiste faltsuen aurka borrokatzeko. Aipatutako batzordean parte hartuko dute, gainera, CNI Espainiako zerbitzu sekretuek, gobernuko presidentetzak eta ministerio guztien komunikazio kabineteek.

Erabakiaren aurka egin dute oposizioko hainbat alderdik. PPk, esaterako, gobernuari leporatu dio bere buruari ahalmena ematea erabakitzeko zein diren albiste faltsuak eta zein ez. «Eskandalutzat» jo du erabakia PPk, eta Carmen Calvo presidenteordearen eta Ivan Redondo presidentearen kabinete buruaren agerraldia exijitu du.

Komunikabideak eta kazetariak biltzen dituzten elkarteek kritika gogorrak egin dizkiote planari. AMI Espainiako Informazio Hedabideen elkarteak salatu du erabakia «adierazpen askatasunaren aurkakoa» dela. Elkarte horrek, halaber, kritikatu du gobernuak aurrez ez diola informaziorik eman prozeduraz. Mugarik Gabeko Kazetariek «kezkaz» hartu dute plana, eta zera ohartarazi dute: «Espainiako Gobernua ez da gardentasun eredu». Onartutako testuak «anbiguotasun asko» dituela uste dute Mugarik Gabeko Kazetariek. PDLI Informazio Askatasunaren Defentsaren Aldeko Plataformak «ke hutsa» baino ez dela adierazi du. FAPE kazetarien elkarteak uste du arriskutsua dela gobernu batzorde bat informazio eskubidearekin lotutako baloraziotan sartzea. Informazio grafikoko elkarteek eta kazetarien sindikatuek ere salatu dute gobernuaren erabakia.

Kritikak ikusirik, gobernuak ohartarazi du planak ez duela eraginik izango oinarrizko eskubideetan, eta soilik alertak eman nahi direla desinformazio kanpainen aurka.

Espainia ez da Europako herrialde bakarra albiste faltsuarekin lotutako neurriak eta legeak erabakitzen ari dena. 2018an, Frantziako Asanblea Nazionalak bi lege onartu zituen «informazioaren manipulazioaren» aurka borrokatzeko; Ikus-entzunezkoen Frantziako Kontseiluak atzerriko estatu batek kontrolatutako emankizunak eten ditzake, eta, bestetik, hautagaiek eta alderdi politikoek aukera dute epaileengana jotzeko «informazio faltsuak» geldiarazteko. Kritika ugari jaso dituzte bi lege horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.