'Hitzakide' egiteko deia egin dute, 'Hitza' «ondo maitatzeko»

Urtean 50 euro ordainduta, hamaika abantaila izango dituzte 'Hitzakide' egiten diren irakurleek

Maita dezagun ondo kanpainarekin bat egin duten hainbat herritar, Errenterian. HITZA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Tokiko informazioa modu gertukoan eta abantaila askorekin jaso nahi duenak Hitzakide bihurtzeko urratsa egin dezake. Urtean 50 euro ordainduta, prentsa eskaintza PDF formatuan jaso ahalko du Hitzakide-ak, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango du, azala norbere neurrira jarri ahalko du, eta albisteak artxibatzeko aukera ere izango du. Hitzakide txartelarekin, gainera, modua dago zozketetan parte hartzeko, hainbat saltokitan eskaintza bereziak izateko eta dendetan deskontuak lortzeko. Bide batez, Hitza-ren proiektua indartzen lagunduko du Hitzakide bihurtzen denak: Irutxuloko Hitza, Oarso Bidasoko Hitza, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza, Goierriko Hitza eta Urola Kostako Hitza hedabideak laguntzeko modua da Hitzakide egitea. «Ondo maitatzeko modurik zintzoena», kanpainako sustatzaileek diotenaren arabera.

Azkeneko asteetan, kanpaina berezi bat zabaldu du Hitza-k, ikus-entzunezko iragarki baten bitartez. «Asko maitatu baino, maita dezagun ondo», entzuten zen bertan. Hain zuzen ere, Miren Amurizak 2016ko azaroaren 30ean BERRIAn idatzi zuen zutabe baten hitzak hartu dituzte erreferentziatzat: «Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz, kontua ez da zenbat, baizik eta nola». Hitza-ko sustatzaileek deia egin diete irakurleei: «Ohartzen gara askok eta askok asko maite gaituzuela: gure aldeko aldarria egiten duzue sare sozialetan, estimatzen duzue festen kontakizuna argazkitan egitea, gustuko duzue kalean gurutzatzen duzuen bizilagunaren iritzia gure orrietara ekartzea, parte zareten elkartearen berri ematea... Maitatuak sentitzen gara». Baina asko maitatzetik ondo maitatzerako urratsa ez dute denek egiten. Eta Amurizak esaten zuen moduan: «Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea».

Zozketaren irabazleak

Hitzakide figurak bereziki Interneteko kontsumitzaileak hartzen ditu kontuan. Eta Hitzakide egiten denari Hitza-ren aterpean ostatu hartzeko modua ematen zaio. «Guk, ordainetan, tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik kontatzeko konpromisoari heldu, eta gure herrietako edukia hainbat euskarritan emango dizuegu: paperean, egunkarian edo aldizkarian; eta Internet bidez, webgunean eta sare sozialetan». Hitzakide izan nahi duenak 943-30 30 35 telefonora deitu dezake —astelehenetik ostiralera, 08:30etik 16:00etara— edo hitzakide@hitza.eus helbide elektronikora idatzi.

Maita dezagun ondo kanpainan, bestalde, hiru zozketa egin dituzte. Irabazleak hauek izan dira: Avelina Mauleon (Etxarri Aranatz, Nafarroa), Nerea Urdangarin (Orio, Gipuzkoa) eta Haizea Bernedo (Ondarroa, Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.