Laboa, sortzaileen pizgarri

ETB1ek 'Gu, Laboa' dokumentala estreinatuko du bihar. Artistek ikuskizun berriak sortu dituzte

Laboaren errautsak dauden tokian, Agina mendian, Iñaki Salvador pianoa jotzen eta Ainara Ortega kantuan. Gu, Laboa lanean agertuko da irudia. BALEUKO.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Mikel Laboaren errelato historiko-biografikoa egina dago, idatziz eta ikus-entzunezkoetan. Laboaren bizitza kontatu dute hainbat ertzetatik. Hori dela eta, Iban Gonzalez zinemagileak «proposamen artistiko bat» egin du Gu, Laboa dokumentalean. Hainbat artistaren ikuskizun eta lan berriak grabatu dituzte, Laboarekin lotutako gaietan inspiratuta. ETB1ek bihar estreinatuko du lana, baina lehenago aurrestreinaldia egingo dute gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Durangoko Azokan bihar izango da ikusgai, Irudienean, 19:00etan —sarrera librea izango da—.

ETBk Laboarekin lotutako dokumental bat egiteko proposamena egin zien hainbat ekoizpen etxeri, eta Baleukok aurkeztutako proiektua atera zen garaile. Gonzalezek argi zuen ez zuela biopic bat egin nahi: «Lan honen helburua da Laboaren heriotzatik hamar urtera ikustea musikariaren ondarea zertan dagoen gure artean. Dimentsioa neurtzea ezinezkoa da, milaka herritar inspiratu dituelako». Euskal kulturako hainbat esparrutako sortzaileak aukeratu dituzte, eta haietako bakoitzari lan labur bat egiteko eskatu diote. «Batzuk dantza dira; bestea batzuk, kantua, besteak, ilustrazioa... Agertzen direnek esparru desberdinak ordezkatzen dituzte». Gonzalezek nabarmendu du artistek «askatasun osoa» izan dutela, nahiz eta hark bakoitzari kontzeptu bat eman. Dokumentalean azalduko dira, besteak beste, Kukai dantza taldekoak, Jose Luis Zumeta margolaria, Aire ahizpak, Bihotx txalapartariak, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus bertsolariak, eta Maria Berasarte eta Olatz Salvador abeslariak. «Agertokiek Laboaren bizitzarekin lotura izango dute. Agina mendian [Oiartzun eta Lesaka artean] daude Laboaren errautsak, eta han hasi eta han bukatuko dugu dokumentala». Piano bat igo zuten mendira, eta han joko du Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortega abeslariaren ahotsaren laguntzaz.

Dokumentala atalka dago banatuta. «Atal bakoitza Laboaren kontzeptu bat izango da: izan daiteke argia, izan daiteke esperimentazioa edo iparra. Kontzeptu bakoitzean, hori lantzen duten pieza artistikoak ikusiko dira». Gonzalezek nabarmendu du sormen lan labur guztiak lotzeko hari bat dagoela dokumentalean: «Plato batean lau protagonista bildu ditugu, aipatutako kontzeptuez hitz egiteko: Jon Maia, Maite Arroitajauregi, Arkaitz Martinez de San Vicente eta Gorka Urbizu». Maiak dokumentalean parte hartu du, gidoia Gonzalezekin batera lantzen. Laboaren hiru «adiskide zahar» ere azalduko dira hizketan: Bernardo Atxaga, Anjel Valdes eta Iñaki Salvador.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.