Disney Plus plataforma berria Movistar Plusen integratuko dute

Bezeroek Disney, Pixar, Marvel, Star Wars eta National Geographicen edukiak ikusi ahalko dituzte

Disney Plus plataforman 300 telesail, 500 film eta 25 saio original baino gehiago ikusi ahalko dira. EFE.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Disneyren streaming bidezko plataforma azaroan jarri zuten martxan AEBetan, Kanadan, Herbehereetan, Australian eta Zeelanda Berrian. Disney Plus bi aste barru iritsiko da Euskal Herrira, eta urtebeteko harpidetza egiteko aukera dago jada. Era berean, Hego Euskal Herrirako—bai eta Herrialde Katalanetarako, Galiziarako eta Espainiarako ere— aliatu indartsu bat topatu du Disneyk: Movistar. Telefonia konpainia horrek inbertsio handiak egin ditu azkeneko urteetan ikus-entzunezkoetan, eta orain Disney Plus plataformako edukiak ere integratuko ditu Movistar Pluseko telebista zerbitzuan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan modu independentean ikusi ahalko da Disney Plus, eta Canal+ ordainpeko katearen harpidedunek ere jaso ahalko dituzte plataformaren edukiak.

Movistar Pluseko bezeroek Disney, Pixar, Marvel, Star Wars eta National Geographic marketako edukiak ikusi ahalko dituzte, baita plataformaren Disney Plus Originals edukiak ere: 500 film, 300 telesail eta 25 Original deiturikoak izango dituzte ikusgai, besteak beste. Edonola ere, Movistarrek esan du datozen egunetan azalduko duela zehatz-mehatz nolakoa izango den eskaintza komertzialaren integrazioa.

The Walt Disney Companyko presidente Jan Koeppenek aliantzaren abantailak goraipatu ditu: «Oso pozik gaude Telefonicarekin batera iritsiko garelako. Entretenimenduaren aro berri eta zirraragarri bat iritsiko da, gure katalogoko eduki premium-ei esker».

Plataforma berria iristearen eraginez, Telefonicak Movistar Disney kanala itxiko du, hilaren 31n. Apirilaren 7tik aurrera, kanal horretako edukiak ezin izango dituzte ikusi zinemari dagokion harpidetza dutenek.

Disney Plusen edukiak jatorrizko bertsioan —ia guztiak ingelesez— eta gaztelaniaz ikusi ahalko dira. Kataluniako Generalitateak uste du plataforma horrek arrakasta handia izango duela, eta, horregatik, Disneyrekin negoziatzen ari da ahalik eta eduki gehienek katalanezko audioa edo azpidatziak izan ditzaten. Pixar estudioaren 22 filmetatik hamasei, esate baterako, katalanera bikoiztuta daude.

Handien aliantzak

Disneyk Movistarrekin aliantza egin duen moduan, beste streaming plataforma handi batzuk akordioak ixten ari dira Espainiako telebista sektoreko bi talderik handienekin: Amazon Prime Video plataformak eta Mediaset Españak hitzarmen bat sinatu zuten otsailaren hasieran, eta, horri esker, Amazonek lau telesail eta bi dokumental saio estreinatuko ditu Mediaseteko kateetan irekian eman aurretik; Aitor Gabilondok sortutako Madres. Amor y vida izango da telesail horietako bat. Netflix, berriz, azkenaldian Atresmediaren eta Mediaseten hainbat telesail ari da eskaintzen; kasurik entzutetsuena La casa de papel izan zen: Antena3ek estreinatu zuen, 2017an, eta Netflix plataformaren telesail originala bilakatu zen hirugarren denboralditik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.